Trintxerpe dantzan
Musikaz Blai jaialdia hasiko da ostegunean, eta urtero legez hamaika kontzertu eta askotariko ekitaldiak izango dira barrutian festibalak iraun bitartean.
Agerraldi jendetsu bat egitarau oparo baten aurkezpenerako. Urtero legez herriko elkarte eta eragile askotako ordezkariak bildu ziren lehengo astean Musikaz Blai Jaialdiaren aurkezpenean. Ostegunean hasiko da jaialdia, eta ekainaren 23an bukatuko da, San Joan suaren bueltan. Bien bitartean, baina, hamaika kontzertu eta kultur ekitaldi izango dira barrutian, gehientsuenak datozen bi asteetan eta musika eskolak koordinatuta. Egitaraua aurkezteko ez ezik, musika eskolako datorren ikasturteko eskaintzaren berri eman eta izen-ematearen gainekoak azaltzeko baliatu zuten agerraldia. Zehaztu zutenez, 2013. urteaz geroztik jaiotako denek eman dezakete izena musika eskolan, adin mugarik gabe. Oparoa da eskaintza, eta askotarikoak erraztasunak. Iragarri zutenez, Pasaian erroldatutako ikasleek udalaren diru laguntza jaso dezakete (%33,34koa), eta matrikula epeka ordain daitekeela gaineratu zuten. Horrez gain, ikasleei musika tresnak uzteko aukera ere eskaintzen dutela nabarmendu zuten.