Eskolako Agenda 21en mugikortasuna aztertu dute Oiartzungo hiru ikastetxeek. Udaleko ordezkariekin bilera egingo dute etzi.
Ikasturte hasierako bilera, iazko azterketen berri emateko.
Oiartzungo hiru ikastetxeetako ikasleek mugikortasun iraunkorra aztertu dute aurtengo ikasturtean. Eskolako Agenda 21 programaren barruan jorratu dute gai hori, baina ez da estreinako aldia izan. Horrela, orain dela hainbat urte hartutako konpromisoak ebaluatu dituzte Elizalde Herri Eskolako, Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Institutuko ikasleek. Gainera, ohituretan egon diren balizko aldaketak ere jorratu dituzte, baita oiartzuarren segurtasunerako puntu ilunik ba al dagoen aztertu.
Ikasturtean egindako lanetik sortutako proposamenak jarriko dituzte mahai gainean, etzi goizean. Hiru ikastetxeetako ordezkariak udalekoekin bilduko dira pleno aretoan, 10:30etik aurrera. Bertan, konpromiso berriak adostuko dituzte, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen dutenen inplikazioa baloratu eta proposamen berriak helaraziko dizkiete udaleko ordezkariei.
Bestalde, Oiartzungo Udalak Elizalde Herri Eskola eta Haurtzaro Ikastola zoriondu ditu, Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria eman dietelako. Eusko Jaurlaritzak ematen du ziurtagiria, Eskolako Agenda 21eko printzipioekin koherente diren ikastetxeei aitortza egiteko.