Datorren ekainaren 2atik 4ra, lezoarrek Mendekoste jaiak ospatuko dituzte.
Gaur aurkeztu dituzte Mendekoste jaiak Lezoko Udaletxean.
Datorren ekainaren 2an, lezoarrek Mendekoste jaiei ongi etorria egingo diote. Ekainaren 2tik 4ra bitarte iraungo duten jaietarako, 30 ekintza baino gehiago prestatu dituzte, herriko festak behar bezala ospatzeko. Jaietako antolaketa lanetan herriko 22 eragile izan dira.
Gaur goizean aurkeztu dute Mendekoste jaietako egitaraua Lezoko alkate Jesus Maria Martiarenak eta Noemi Arberas Gizarte Ongizateko zinegotziak, Xanti Val Kultur teknikariarekin batera. Ekainaren 2tik 4ra, “30 ekintza baino gehiago” antolatu dituztela aipatu du Kultur teknikariak. “Zorionez herriko eragile berberek jaietan parte hartzen jarraitzen dute”, gehitu du.
Herriko 22 eragilek hartu dute parte antolaketa lanetan. Etxeko txikientzat eta helduentzat. Buruhandietatik truk txapelketaraino. Denek izango dute euren txokoa herriko jaietan. Azken urteetan bezala, Zabarre pirata portutik Gurutze Santuaren plazara segizioan joan da, bertan pirata txikiek egingo duten pregoiarekin, jaiei hasiera ofiziala emateko. Piratek ere jaiei amaiera emango diete. Asteburuan zehar, abesbatzak, bazkari eta afariak, buruhandi eta erraldoiak, puzgarriak, herri jolasak edota pintxo lehiaketak egingo dituzte.
Berritasunak
Aurtengo Mendekoste jaietan bi jarduera berritzaile egingo dituzte. Lehena, pilota txapelketa egokitua izango da. Iazko esperientzia kontuan hartuz, bigarrenez, kirol egokituak presentzia izango du jaietan. Bigarren berritasuna eskualdeko motozaleek egingo duten egun osoko jardunaldia da. Herriko plaza batean jarriko duten moto erakusketaz gain, Tiñelu ondoko plazan bazkaria eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Mendekoste jaietan ohikoa den bezala, ekainaren 3an, larunbata arratsaldean, sagardo festa egingo dute. Gainera, lehen aldiz, Usurbilgo Musika Eskolako hainbat pop-rock talderen kontzertuez gozatzeko aukera izango dute lezoarrek.
Jai euskaldun eta parekideak
Udaletik, “jaiak arduraz eta errespetuz bizitzeko eta gozatzeko” eskatu dute. Jaietan ere herritarrek euskara erabiltzeko deialdia luzatu diete lezoarrei. Gainera, “denak errespetatzea” eta “herria zaintzea” beharrezkoa dela nabarmendu nahi izan dute.
Aurtengo Mendekoste jaietarako, eraso sexisten aurrean herritarrek jarrera aktiboagoa izateko eta eraso sexistarik gabeko jaien alde egiteko sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina burutu dute udaletik. Herriko leku esanguratsuenetan erasoen kontrako protokoloari buruzko pegatina eta kartelak ipiniko dituzte. Gainera, tabernari guztiei kanpainaren berri eman diete, eraso kasu baten aurrean hartu beharreko neurrien inguruko informazioarekin.