Kenpo kai taldekoak bikain aritu ziren Giltxaurdi kiroldegian.
Honbu elkarteko kenpo kai taldekoak zakua bete domina itzuli dira Nafarroatik. Bost Hiri Kenpo Kai Txapelketa jokatu zuten Elizondoko Giltxaurdi kiroldegian, pasa den larunbatean. Ehun kirolarik hartu zuten parte txapelketa horretan, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritakoak: Errenteria-Orereta, Bera, Sunbilla, Andoain…
Borrokaldietan eta kata sailetan parte hartu zuten oiartzuarrek, eta bigarren sail horretan bakarrik hamar dominatik gora lortu zituen Oiartzungo kenpo kai taldea ordezkatu zuten kirolariek. Irati Matelo, Iker Matelo, Mikel Osa —11-12 urtekoen mailan nagusitu zen—, Iker Alonso eta Landerrek jantzi zituzten dominak. Borrokaldietan, berriz, Ibon Arrieta izan zen onena, eta zilarrezko domina eraman zuen Mikel Osak.
Oiartzungo Kenpo Kai taldeko
kenhai-ek (ikasleek), beraz, lan bikaina egin zuten Baztan aldean. Ondorengo zita Oiartzunen bertan izango dute. Ekainaren 10ean azterketak egingo dituzte.