Udaleko akta zaharren hustuketa lana egiten ari dira 2013tik, eta bertan aurkitutako datu esanguratsuen berri emango dute hilero.
Udalaren XVII. eta XVIII. mendeetako aktak hustu dituzte.
Oiartzungo Udala orain dela lau urte hasi zen dituen funtsak dibulgatzen. Udal akta liburuekin hasi dira lan horretan, eta dokumentuak digitalizatu ondoren, hustuketari ekin zion 2013an. Horrela, akta liburuetan gordetzen den informazio guztia euskarri informatikoan gorde zuten, eta gaien laburpenak datu base batean gorde. Laburpen horiek euskara hutsean egin dituztela nabarmendu dute. Izan ere, mota horretako hustuketa gehienak elebitan edo gaztelania hutsez egiten dira.
2013 eta 2016 urteen artean egindako lanaren berri eman dute: 1658tik 1707ra arteko dokumentazioa hustu dute, irizpide kronologikoak jarraituta. Emaitza ez da nolanahikoa: 33 liburu, ia 7.000 orrialde eta 4.700 fitxa.
Lana balioan jarri
Lan hori ikusgarri egite aldera, iniziatiba bat jarri dute martxan. Hilero-hilero berri txikiak zabalduko ditu udalak, aktetan ateratako datuen berri emanez. “Batzuk ezagunak, ohikoak izango dira; beste zenbait, aldiz, ilunagoak; hainbat eta hainbat, ustekabekoak. Guztiek, baina, herriaren izena eta izana, iragana eta oraina ulertzen laguntzen dute”, esan dute hustuketaren arduradunek. Helburua, dokumentu zahar horiek egungo gizartean balioan jartzea izango da.
Oiartzungo garaiko udalbatzen gaiak agertzen dira bertan: oinarrizko produktuen hornidura; txistularia, organo jolea, medikua eta beste hainbat karguren izendapena; dirua lortzeko bideak; bideen mantenua…