Gurutze Fernandez, jokalari zeneko garaiko argazkian.
Oiartzun Kirol Elkarteak jakinarazi duenez, emakumeen lehen taldeko aulkian aldaketa egongo da. Gurutze Fernandez (Urretxu, 1979) izango da entrenatzaile berria, Gari Argote eta David Brun oiartzuarrek osatzen zuten bikotea ordeztuta. 2017/2018 denboraldian, Bigarren Mailan ariko da talde urdina.
Fernandezek, orain arte, kadeteen taldea entrenatu du. Oiartzun Kirol Elkartearen koloreak defendatu zituen, jokalari bezala, 2000tik 2003ra. Ondoren, Athleticera joan zen, eta lau denboraldiz aritu zen bertan. Levanten bi urtez arituta, talde zurigorrira itzuli zen, 2013ra arte.
Klubaren zuzendaritzak Argote eta Bruni eskerrak helarazi dizkie, “arduraz egindako lan profesionalagatik”.
Gizonetan ere, aldaketa
Gizonen lehen taldeko zuzendaritza teknikoan ere aldaketak egongo dira. Txema Fraile eta Telmo Lasaren lana eskertu du klubak. Datorren urtean Ekaitz Auzmendi eta Egoitz Astarbek osatutako tandemak gidatuko du taldea, Ohorezko Erregional Mailan.