Pasai Donibaneko Konstantzia musika bandak 200 urte bete ditu aurten. Sanjuandarrek oso maite duten banda da; barrutiko nortasunari hertsiki lotuta dago.
Konstantzia musika banda, 1991n.
Ez da ohikoa elkarte batek 200 urte betetzea. Pasai Donibaneko musika banda, baina, bere bigarren mendeurrena ospatzen ari da aurten. Hori lantzeko batzordea eratu dute, eta taldearen historian arakatu dute, hainbat datu bilduz.
Egun Konstantzia musika banda bezala ezagutzen dena 1817ko ekainaren 17an sortu zuten. Urte batzuk lehenago Frantziako tropek Espainia hartu zuten, eta aro napoleonikoko oinordetza izan ziren txarangak (orduko eta egungo txarangen izaera ezberdinak dira).
Donibaneko musika bandak hainbat izen izan zituen hasiera batean, Musica Filarmonica de los Aficionados de San Juan de los Pasajes, besteak beste. Ahozko tradizioaren arabera, inguruko musika elkarterik zaharrenetakoa da Donibanekoa, zaharrena ez bada. 1819ko urriaren 2an eta 3an Irunera joan ziren, dantzari talde batek lagunduta, erreginari harrera egitera.
XIX. mendea nahasia izan zen Euskal Herrian, eta txaranga haren ibilbidea nahiko gorabeheratsua izan zen lehen urte haietan. Gerra Karlistak zirela eta, banda desagertu zen, eta, 1839an, zuzendari izandako Justo Saizek musika banda berriro sortzea eskatu zuen. Bi hamarkada beranduago, eszisio txiki bat sortu zen bandan bertan, 1861ean zatiketa bilakatu zena. Tradizionalisten eta aurrerakoiagoak zirenen arteko ikuspegi ezberdinek handitu zuten arrakala: lehenengoek Amantes de Santa Cecilia izena jarri zioten euren formazioari; bigarrenek, aldiz, Santa hitza kendu zioten. 1870era arte, bi banda izan zituen herrixka pasatxo zenak.
Konstantzia, 1876an
Egungo izena, estreinakoz, 1876ko dokumentu batean agertu da. Garaiko zuzendari Avelino Saizek Pasaiako Udalari dirua eskatu zion,
Constancia izeneko elkartearentzako instrumentuak erosteko helburuarekin (Avelino Saizen anaia Justok urte batzuk lehenago hainbat instrumentu utzi zituen, Oiartzungo parrokiako organista izateko banda utzi aurretik). Historialaritza lanetan ari direnek ez dute aurreko dokumenturik aurkitu.
XX. mendean sartuta, 1904an Euskal Herriko musika banden txapelketa jokatu zuten Eibarren, eta garaipena lortu zuten sanjuandarrek, Candido Gerestak zuzenduta. Mendeurrena ospatzeko, 1917ko ekainaren 17an, kontzertu parea eskaini zuen Konstantziak, Juan Canovasek zuzenduta. Herritarrek finantzatutako bazkariaren ondoren, 17:00etan, kontzertua eman zuten plazan, baita 21:00etan ere.
XXI. mendean
Ramon Vega Otero da, gaur egun, Konstantzia musika banda zuzentzeko ardura duena. 1990eko hamarkadaren hasieran —«oso txarra naiz datekin», aitortu du Vegak— sartu zen bertan, beste sei gazterekin batera.
«Donibanen bazegoen akademia bat, Pasaia Musikalekin harremana zuena. Oraindik nerabeak ginen», gogorarazi du Vegak. «Gehienak kuadrillakoak ginen, eta, denek ez, baina gehienek jarraitzen dugu». Musika banda zuzentzen 2000. urte inguruan hasi zen.
Gaur egun 25 dira bandako kide finkoak. Beste hamar-hamabost lagun joan-etorrian ibiltzen dira. «Gurea ez da Errenteriako banda; 60 lagun dira, eta baliabide ekonomikoak dituzte. Guk Santa Zeziliako bazkaria egiteko justu-justu daukagu…», esan du.
Eskola publiko zirenetan —egun Pasaia-Lezo Lizeoko haur eskola eta Haur Hezkuntza dago bertan ere— entseatzen dute. Laster Bizkaia plazako eraikin balioanitzera lekualdatuko dute euren entsegu lokala. «Hala esan digute», zehaztu du Vegak.
Urteroko emanaldien agenda finkoa da duela hainbat urtetik hona: Errege Egun bezpera, Aste Santuko prozesioa, barrutiko festak, arraun elkartearen denboraldi bukaerako jaialdia, Santa Zezilia Egunetik hurbilen geratzen den asteburua, eta urteko azken igandea. Horiexek dira agendan apuntatu beharrekoak.
Garai batean Donibanetik kanpo jotzen zutela nabarmendu du Vegak, baina orain ez da, normalean, hala izaten: «Donostiako Aste Nagusian jotzen genuen. Abuztukoak, baina, egun txarrak dira. 30 gara, eta erdia oporretara joaten bada, ez gaude hainbeste jende hori mantentzeko. Bestela, gauza berezietarako baldin bada, ateratzen gara».
Pasaiako Udalarekin hitzarmena daukate, eta lehen udalerriko lau barrutietan jo behar izaten zuten, baina orain, sorlekuan jotzeaz gain, Trintxerpen jotzen dute.
Santiago plaza da sanjuandarren bizitzaren erdigunea, eta hori da Konstantziaren eskenatokia. Lehen zutik zegoen kioskoan jotzen zuten, baina plaza eraberritu zutenetik, behin-behineko oholtzetan jo behar dute. «Jotzeko tokia, erdian joango zen, lurraren mailan. Baina gero diseinua aldatu zuten, eta izkina batean jarri zuten. Toki hori izango da, segur aski, haize gehien jotzen duen tokia. Nahiz eta haizerik ez egon, inbutu bat bezala egiten du: musika galdu egiten da, eta atrilak botatzen ditu». Plazan jotzeak jende asko erakartzen du, baita aukeratzen duten errepertorioak ere. Bandaren egungo filosofia azaldu du, labur, zuzendariak: «Jendearentzako erraza den musika jotzea dugu. Bai guretzako, konplikaziorik ez edukitzeko, baina baita ere jendeak disfrutatzeko». Jendea erakartzeko, gainera, hainbat berritasun aurrera eramaten saiatzen dira. Adibidez, iaz kantu jirakoekin eta habanerak abesten dituztenekin egindako kontzertua.
Arrantzaleak eta arrauna
Hainbat bitxikeria kontatu ditu Vegak. Aspaldi, musikari gehienak arrantzaleak ziren, eta itsasoan entseatzen zuten. Partiturak aurreko musikariaren lepotik zintzilikatzen zituzten. Itsasoak ere irentsi zituen hainbat musika instrumentu.
Arraunari estu lotutako barrutia izanda, Konstantzia musika banda ere zipriztindu du. Koxtaperen eta Donibaneko Arraunlarien arteko eszisioa gertatu zenean, eztabaida handiak egon ziren traineruei harrera egin behar zitzaien ala ez erabakitzeko. «Zuzendariak idatzia egin zuen, banda bezala ez zirela bata edo bestearengana joango. Musikariak bai, baina bere kabuz, modu pertsonalean, joango zirela. Ez ulertuak egon ziren, eta lauk alde egin zuten. Oso gaizki ginen garai hartan, hamahiru bakarrik geratu baikinen», azaldu du.
Hori bai, musika bandak Kontxako Bandera asko dituela nabarmendu du. Gehiago etorriko dira, eta bitartean Konstantziak Bat, bi, hiru, lau… klasikoa jotzen jarraituko du.
Bigarren mendeurrena ospatzeko, ekitaldi andana
Errege Egun bezperan plazako arkupean jotzen dute.
Donibaneko musika bandaren bigarren mendeurrena behar bezala ospatzeko, batzorde bat sortu dute barrutian. Konstantziako kideek eta musikari ez direnek osatu dute batzordea, eta hainbat ekitaldi dituzte esku artean.
200. urteurrena iragartzeko kartela Juanba Berasategi zenak diseinatu zuen. Sanjuandarrak egindako azken lanetako bat izan da. Fondo beltzaren gainean, bandaren zutoihala eta Atozte bada abestiaren partitura agertzen dira.
Vegak azaldu du kartelaren esanahia. 1904an, Eibarren egin zuten Euskal Herriko banden txapelketan, sanjuandarrak izan ziren onenak. Hurrengo urtean, Donibaneko emakume gazteek zutoihala bordatu zuten, hori ospatzeko. Jostun horiei esker onez, bandako kide batek doinu herrikoi bat moldatu, eta letra jarri zion. Hala esaten du, bertso batean: «
Pasai Sanjuango señoritaren erregaliya».
Hori eta beste hainbat gertakizun bildu ditu batzordeak. Izan ere, Konstantziaren historia jaso dute liburu batean, eta urrian argitaratuko dute. Horrez gain, disko baten grabazioa dute esku artean. Urtean zehar jotzen dituzten abestiek osatuko dute disko hori. «Donibaneko abesti propioak dira, gehienak bandako zuzendariek konposatutakoak», azaldu du Vegak.
Disko bat grabatzeko aitzakia ez da, bakarrik, urteurrenarengatik. Vega: «Bere garaian, 1980ko hamarkadan, Pasaiako abestiekin kasete bat atera zuten, Antxoko bandak grabatuta. Bandan eta inguruko jendeari galdetu diogu nork zeukan, eta bi bakarrik agertu dira. Aprobetxatuko dugu berria egiteko».
Zuzeneko emanaldiak
Bandaren eguneroko ogia, baina, emanaldiak dira, eta hainbat programatu dituzte 2017 urte honetarako. Horrela, barrutiko festetan —ekainekoetan zein uztailekoetan— herriko eragileekin batera ariko dira, Itsas Mendiko txistulariekin, Habanera Taldearekin eta kantu jiran dabiltzanekin esaterako. Gainera, garai bateko
bailableak berreskuratuko dituzte, Elizataian egingo duten saioan.
200. urteurrena ospatzeko ekitaldiak propio iraila bukaeran hasiko dira. Hil horren 30ean, Konstantzia bandakoek kalejira egingo dute udaletxe zaharreraino, eta hango balkoi nagusian alkateak zutoihala jarriko du.
Hurrengo egunean, txistularien diana eta joan ziren bandakideen oroimenezko meza egingo dute, Azpetiako bandak jo aurretik. Asteburu horren ondoren, astegunetan, ekitaldi ugari eskainiko dituzte: Musikeneko hari taldearen kontzertua;?pixka bat lehenago inauguratuko duten auditorioan txistu kontzertua; liburu eta diskoaren aurkezpena; bandaren hainbat pasarte jasotzen dituen argazkien erakusketa…
Azken traka
Urriaren 7 eta 8ko asteburuan, berriz, txistulari, soinujole, trikitilari eta abarrek diana egingo dute. Eguerdian, Gipuzkoa osoko abeslariekin kantu jira egingo dute. Eta eguna bukatzeko, estropada badian.
Urriaren 8an Konstantziako kide eta kide ohiak omenduko dituzte. Goizean itsas bira egingo dute, plazan jo aurretik. Ekitaldi ofizialaren ondoren, txaranga moduan kalejira egingo dute, eta azkeneko ekitaldia egingo dute, su artifizialekin.
Bestalde, ekainaren 11n
Itsas Mendi elkartearen musika jardunaldiak bukatzeko, Konstantzia musika banda Santiago plazan ariko da. Kontzertu hori 13:00etan hasiko da.
Jardunaldi horien barruan, gaur arratsaldean Ibaiertz abesbatzak saioa emango du. San Joan Batailatzailearen parrokian izango da, 20:00etan hasita.