Autobus Magikoa: «Egindako lana eszenatokian defendatu behar dugu»
'Musker' lehenengo diskoa atera du Oiartzungo taldeak. Bihar aurkeztuko dute.
«Larunbateko kontzerturako, urduri baino, motibatuak gaude»Kontzertuko kolaborazioez gain, Autobus Magikoa boskotetik kanpoko parte hartzerik izan al duzue diskoan? Retegi: Zuriñe Fernandez da bat. Pianista da. Ibargain Musika Eskolan talde bat dugu egina, eta bertan jotzen du pianoa. Talde horren zuzendaria Juan Garmendia da. Garai batean La Orquesta Mondragonen tronpeta jotzen zuen. Eskatu genion tronpeta sartzeko, eta onartu zuen. Gurekin grabatzen ari zenean, esaten zigun haur bat bezala sentitzen zela, bere garaiko oroitzapenak etortzen zitzaizkiola. Etxebeste: Kristoren lana egin dute, diskoari plus bat eman diote. Kalitate bat eman diote produkzioan. Retegi: Musikari bezala oso onak dira biak, eta nabaritzen da. Diskoa non eskura daiteke? Etxebeste: Kontzertuan bertan salgai jarriko dugu, eta Oiartzungo Amazkar eta Makutxo tabernetan eta Urrats liburu dendan ere egongo da erosteko aukera. Datorren astean hasiko gara jartzen. Gurekin kontaktuan jartzen denak ere edukiko du lortzeko aukera. Retegi: Euskadi Irratiarekin hitz egin genuen diskoa beraiei emateko. Oiartzun Irratikoekin ere elkarrizketa edukiko dugu arratsaldean… Kulturguneek, gaztetxeek eta abarrek ere eskatuko digute. Etxebeste: Normalean, gaztetxe batean jotzen baduzu, diskoak uzten dituzu, edo kamisetak. Nola finantzatu duzue diskoa? Etxebeste: Aurreko kontzertuetan bildutako diruarekin, eta jende oso jatorrarekin lan egin dugulako. Oraindik ez ditugu gauza batzuk ordaindu… eskerrak familia artean gelditzen dela! Gaur egun disko bat finantzatzea oso zaila da. Retegi: Inbertsio bat da: dirua jarri gero itzuliko dela jakinda. Zenbateko tirada egin duzue? Retegi: 500 alekoa. Diskoaren barruan posterra sartu behar genuen… Atzo [astelehen] arratsaldean aritu ginen. Bukatzerako ilundu zuen! Zuen estiloa roots-reggae da. Retegi: Enbor bezala bai, baina gero badaude beste estilo batzuk. Etxebeste: Bakoitzak bere gustuak ditugu. Bostok borroka egiten dugu gure artean gure estiloa egiteko. Hasieran nahiko argi genuen reggaea egiten genuela, eta orain ez dago hain argi. Kanta kañeroagoak ditugu, beste batzuk lasaiagoak… Azken aldian ikusten ari gara, puntu askotan, Red Hot Chili Peppersera jotzen dugula, ez funky rollo horregatik, baizik eta beste puntu batzuetan. Funk-rock beharrean, dei daiteke reggae-rock edo.
«Orain arte egin duguna ‘karrerila’ hartzea izan da; orain hasiko da bidaia»Retegi: Letrei dagokienez, Glaukoma da gure eredua. Beraiek ere reggae taldea dira berez, baina gero beste gauza batzuk ere sartzen dituzte, zerikusirik ez daukatenak. Letra gehienak nik idatzi ditut, baina Beñatek ere bai idazten ditu, eta ekarpenak ere jasotzen ditugu. Etxebeste: Taldea sortu zenean beste modu batera egiten genuen. Letra batzuk zituzten, eta baseak sortzen genizkien. Raparen antzera, base horiek moldatuz sortu zen lehenengo kanta. Baina orain puntu batera iritsi gara letrak eztabaidatzen ditugula, instrumentala guk hutsetik sortzen ditugu… Prozesu bat sortzen da. Letrek gaurkotasuna duten gaiak ukitzen dituzte. Retegi: Hasieran, errazena, maitasunezkoak egitea da. Hori esaten dute. Gero beste gai batzuk hartzen joaten gara: pentsamendua, gizartea, denbora… Baina momentuan ezin duzu jakin non bukatuko duzun: honi buruz idazten hasten zara, eta bukaerakoak agian ez du zerikusirik hasierakoarekin, baina ongi gelditzen da. Barrutik irteten dena da. Barrutik irteten ez bada, ez du balio. Youtubeko bideoek arrakasta handia izan dute. Etxebeste: Ez dira kalitate oneko abestiak. Youtuben dagoena izan zen bere garaian egindako lan azkar bat. Demo batzuen antzekoak dira, zerbait daukazula erakusteko. Lokalean grabatu genituen abesti haiek: hogei lagunekin, udaran 25 gradutan… Nabaritzen da grabaketan. Diskoan dauden kantak berritu egin dira. Prozesu horretan, berriz ere landu ditugu. Erakutsi nahi dugu kanta horiek beste modu batekoak zirela. Retegi: Guk bideo zaharrak ikusten ditugu, eta lotsagarriak iruditzen zaizkigu. Baina eduki duen boom-a ikusita… Gerta daiteke hainbeste ematea, gero zuzenean mailarik ez emateko. Orain arte kontrakoa gertatu zaigu: Youtuben kalitatea ez denez hain ona… [kar-kar]. Zuzeneko bideoren bat igo dute Youtubera. Jendeak bideo horiek ikusten ditu letrak jakiteko, eta kontzertuetan abesteko. ‘Nola liteke?’, esaten genuen, ‘ez baldin baditugu bideoak Youtubera igo’. Etxebeste: Orain egin behar duguna da egindako lana eszenatokian defendatu. Gaztañokoaz gain, kontzertu gehiago programatuta dituzue? Retegi: Bai. Datorren asteartean Urretxun joko dugu, ostegunean Anoetan eta Oreretako ostiraleko hori. Lau kontzertu ditugu aste bakar batean. Leporaino gaude… baina ongi dago. Horrek esan nahi du, iazkoaren ondoren, jendea gogoarekin dagoela. Taldekide batzuek beldur bat zuten: jendea iazko kontzertuen inpresio berberarekin gelditzea. Aldaketa batzuk egin ditugu, baina aste batean lau kontzertu ezberdin egitea zaila da. Larunbatean hemen joko duguna, Urretxun joz gero, hala ere, beraiei ezberdina irudituko zaie. Etxebeste: Talde askok egiten dutena da disko bat atera, jira bat prestatu, eta abesti horiek jo. Badirudi egun guztia berdina jotzen ari direla… Retegi: Jendeak uste du bagenuela beste disko bat. Ez, hau da gure lehenengo diskoa. Galdetzen digute ea abesti zaharrak dauden diskoan. Bai, noski, gure lehenengo diskoa baldin bada… Egingo dugu mix-en bat, abesti zaharrago eta berriagoekin. Diskoko hamahiru abestiak sartzen badituzu, baduzu kontzertu bat. Autobus Magikoa mantso doa, baina iristen da. Kolaborazioren bat egingo duzuela aipatu duzue. Horrez gain, material berria duzue esku artean? Etxebeste: Intentzioa da kontzertuak ematea. Eta egiten ditugun entseguak ez dira kontzertuak prestatzeko bakarrik izango, abesti berriak sortzeko balio izatea ere espero dugu. Lehenbailehen atera nahi dugu bigarrena. Hala ere, inspirazio momentuak etorriz gero sortuko ditugu kanta berriak, ez da behartutako zerbait izango. Retegi: Kolaborazioei dagokienez, Stepik eskatu zigun gure abestiak pasatzeko. Remixak egingo ditu. Sangre de Monok orain gutxi atera du diskoa, eta egingo dugu zerbait. Glaukomarekin ere… Orain arte egin duguna karrerila hartzea izan da. Orain hasiko da benetako bidaia. Orain diskoa atera eta gutxienez zerbait materiala utzi nahi genuen.
«Kontzertuetan ateratakoarekin ordaindu dugu grabaketa»Zergatik jarri diozue Musker izena? Etxebeste: Azkenean, Autobus Magikoa telesailetik ateratako pertsonaia delako. Baina agian gehiago jarri zaio izena diseinuagatik. Musker atera da azkenean, erakusten duelako inofentsibitate puntu batean poztasun bat ere baduela, baina indar bat ere badu. Kolore nahasketa ere bada: hamabi kanta dira, talde bera gara, baina kanta batetik bestera oso ezberdinak dira. Retegi: Beno, Musker ere ni naiz… Kontzertuetan jantziarekin ateratzen naiz, niri eman nahi zidaten protagonismoa, alaitasuna jartzen duena… [kar-kar].