Memoriaren ortzadarra
Laugarren urtez, Homofobiaren Aurkako Zebrabidea margotu dute. Fobien kontrako aldarria egiteaz gain, Vicente Vadillo ‘Francis’ gogora ekarri dute, elkarlanean.
Ostirala. 22:55. Nafarroa etorbidearen alde batean, Segundo Izpizua kalearekin izkin egiten duen tokian, hamarnaka lagun. Beste hainbeste pareko espaloian. Erdian, denborak higatutako koloretako zebrabidea. Bertan daudenak prest dira arrabola bat pintura potoan busti eta margo kapa berri bat emateko. Bitartean, beteranoenak, garai batean bor-bor zegoen Iztietako parranda giroari buruz kontu kontari ari dira, baita bizitako hainbat borrokari buruz ere. Hitzak hitz, komunitate izpiritua dago. Donostia eta Pasai Donibane lotzen dituen azken autobusa pasatzearen zain dira denak. E01 seinalea daraman autobusa pasatzerakoan, denak Iztietako aldean elkartu dira. Laugarren urtez, Saretuz, EHGAM eta Iztietako Gurekin Auzo Elkarteak deituta, hamarnaka lagun bildu dira Homofobiaren Aurkako Zebrabidea margotzeko. Homofobia —eta beste hainbat fobia— salatzeaz gain, Vicente Vadillo Francis gogoratzeko ere elkartu dira. Hilketa haren samina ezagutu zuten pertsonak izan ziren bertan, baita orduan proiektu ere ez ziren beste hainbat. Aurreko ekitaldietako diapositibak pasatzen diren bitartean, Imanol Minerrek hartu zuen mikrofonoa. Pasa den ostiraleko ekitaldian, Francisentzako izan ziren bere lehenengo hitzak, eta atzeko kalean [Donostia kalean] zegoen Apolo dantzalekuan hil zutela gogorarazi zuen. 1979ko ekainaren 10ean izan zen. Horrez gain, pasa den martxoaren 31n hil den Gilbert Bakerri ere aitortza egin zion Minerrek. 1978an sortu zuen ortzadar koloreko bandera, zortzi kolorerekin hasiera batean. Diotenez, Judy Garlandek Ozeko aztia filmean abesten zuen Over the Rainbow abestia izan zuen inspirazio iturri. Garland Stonewalleko matxinada jazo baino sei egun lehenago hil zen. Mikel Martin LGBT aktibista beteranoak azaldu zuenez, egun sei kolore dituen bandera hori hainbat borrokaren sinbolo da. «Gutxiengo baten defentsa adierazten du. Herrian talde majo bat elkartu gara, eta oso polita da jendea gero eta gazteagoa dela ikustea», esan zuen. Minerrek ekitaldia probestu zuen Nafarroako Parlamentuaren ekimena txalotzeko. Izan ere, hilaren 8an LGBTI kolektiboko pertsonei berdintasun soziala aitortzen dien legea onartu zuten. «Ez ahaztu borroka» Aurreko hiru urteetan ez bezala, antolatzaileek bi aurpegi publiko gonbidatu zituzten: Martxelo Otamendi eta Ainhoa Etxaide. Berria-ko zuzendariaren aurkezpena egiterakoan, Martinek Euskaldunon Egunkaria-ko eta Berria-ko langileek dituzten hainbat eskubideri aitortza egin zien. «Parekidetasuna bermatu zuen lehenengo komunikabidea izan zen. Ez zuten bereizketarik egiten: amatasun bajak, gaixotasunenak, ezkontzeagatik oporrak… denentzat berdinak ziren». «Eta ezkontzen ez direnek ere badituzte oporrak», erantzun zion Otamendik, umoretsu. Francis eta haren belaunaldikideek aurrera eramandako borroka gogoan izan zuen tolosarrak. «Haiek borrokatutakoari esker, gu libreago gara. Orain baimenduagoa-edo dago gure orientazioa. Haiek etxean geratu izan balira, ez zen ezer ere ez lortuko». Egungo gazteei ematen dizkien aholkuak ere jakinarazi zituen kazetariak: «Esaten diet festa, gimnasioa, moda eta abar ongi daudela, baina borroka ez ahazteko». Borrokaren katea eten ez dela aldarrikatu zuen. «Izan zirelako, gara; guk zeozer egin dugulako, izango dira. Askok eman dute bizia hemen, eta orain hobeto gaudela esan daiteke, baina ez da ahaztu behar beste herri askotan sufritzen jarraitzen dutela». Lan mundua Hurrengo gonbidatua aurkezterakoan, Martinek esan zuen LGBT askapen mugimenduak toki guztietan egon behar duela. «Auzo elkarteetan, mugimendu feministan, eta, noski, munduko langilerian egon behar du. Ez gaitezen ahots bakarra izan, izan gaitezen asko», zehaztu zuen. Horrela, lan eremuek fobietatik libre egotea aldarrikatu zuen. LAB sindikatuak esparru horretarako martxan jarritako protokoloa laudatu zuen Martinek, eta segidan Etxaideri pasa zion hitza. «Duela gutxira arte LABeko idazkari nagusi izan da. Orain deskantsatuago egongo da», baietsi zuen, barre artean. Etxaidek eskerrak eman zizkien horrelako ekitaldi «politera» gonbidatua izateagatik. Lan munduarena eremu zaila dela onartu zuen. «Gu gure ekarpena egiten saiatu gara», jakinarazi zuen. Alde pertsonalagoa erakutsita, hondarribiarrak esan zuen bere «meritu bakarra» emakume batekin maitemintzea izan dela. «Askorentzat borroka zama bat da», jarraitu zuen, «baina niretzat gauzak partekatzea da». Eguneko azken autobusarekin metafora bat egin zuen LABeko idazkari nagusi izandakoak. «Gay edo lesbiana baldin bazarete, eta norbait maite baduzue, ez utzi autobusak alde egin dezan». Ekitaldia bukatzeko, Martinek argitu zuen Polizia Indarkeriaren Biktimen Legean, Francisen hilketa hor sartzeko lanean ari direla. «Ez zen hilketa soila izan. Poliziak esan zuen norbait hiltzeko gogoa zuela, eta Francisek ‘Bada hemen duzu euskaldun bat’ erantzun zion. Haiek izan ziren bere azkeneko hitzak. Berari esker mugimendu bat altxatu genuen; hemen gaude eta ez gara ezkutatzen». Arrabola eskuan Hitzetatik ekintzetara pasatu ziren orduan. Margotzeko arrabola hartzen lehenengoak gonbidatuak izan ziren. Beren zatitxoak margotuta, eskuz esku pasatu zituzten margotzeko tresnak. Batzuek beste batzuek baino gehiago busti zituzten arrabolak, pinturaren lehortzea pixka bat atzeratuz… Hori konpondu zuen hautsa ere prest zuten. Zati gorri, laranja, hori, berde, urdin eta moreak margotuta, nolabaiteko photocall-aren txanda iritsi zen. Egindako elkarlanaren emaitza aurrean, atzean, azpian, zutela argazki piloa atera zituzten. Denborak urratuko du zebrabidearen margoa. Berriro berrituko dute, datorren urtean. Urratuko ez duena Francisen memoria eta fobien aurkako aldarria izango dira. [