Agintaldiaren lehen bi urteen balantzea egin du Joxean Sanchez zinegotzi sozialistak. Hauteskunde kanpainan egindako promesak betetzen ari direla esan du.
Joxean Sanchez, PSE-EEko Lezoko zinegotzia.
Agintaldiaren erdialdera iritsita, Joxean Sanchez Gallardo PSE-EEko Lezoko zinegotziak orain artekoaren balantzea egin du. “EAJrekin ditugun ezberdintasunak gaindituta, gure arteko akordioak bere fruituak ematen ari da. Lezoren gobernagarritasunerako giltzarri gara”, esan du Sanchezek. Bere ustez, akordioaren onuradun nagusienak lezoarrak eurak dira.
Onartu du sozialisten ordezkaritza xumea dela (bera da ordezkari bakarra). “Gure anbizioak eta lan egiteko gogoak, gainontzeko alderdiekin adostasunera iristeko borondatearekin batera, gure hauteskunde promesak betetzera eraman gaitu”, ziurtatu du. Banan-banan zerrendatu ditu: bosgarren edukiontziaren ezarpena; Altamirara igotzeko igogailua eta hango biribilgunean lanak egitea; Donibanerako bidegorria; berdintasun teknikari baten kontratazioa; Gipuzkoarentzako “eredugarria” den enplegu plana; komertzioentzako zein gazteen alokairuarentzako laguntzak…
“Lezoar asko ari zaizkigu zoriontzen”, gaineratu du. “Datozen bi urteetan bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko lanean jarraituko dugu: errepideak gehiago eta hobeto garbitzea; herritarren parte-hartzea; eta okerren pasatzen ari direnak laguntzea izango dira gure helburuak”, iragarri du.