Trintxerpeko Ziriza Etxea garai bateko motorren eta larruaren usainen menpe dago egunotan, Art Ride IV erakusketari esker.
Igandera arte dago zabalik erakusketa.
Wheels & Waves jaialdiari lotuta (Miarritzen du erdigune) Art Ride IV erakusketa zabaldu dute Trintxerpeko Ziriza Etxean. Hain zuzen ere, igandera arte egongo da zabalik erakusketa hori, hau da, jaialdiak iraun bitartean: motorraren munduarekin lotutako 40 ibilgailu baino gehiago, pieza ezberdinez egindako motorrak, eta bestelako gaiak ikus daitezke erakusketa horretan. Larru eta gasolina usaina Trintxerpen.
Hainbat artistaren lanak ere daude erakusketan, argazkiak, ilustrazioak edo objektuak landu dituztenak. Eta horiekin batera, hainbat marka ezagunetako motorrak, gehienak, zaharrak. Surfarekin lotura du Wheels & Waves jaialdiak, hortaz, surfarekin harremana duten gaiak ere badaude Zirizan. Horri guztiari sagardoa erantsi zaio, edaria dastatzeko postua ere dago jarrita. Festa handia.
Udalaren, aldundiaren, portuaren eta Kuxaren elkarlanagatik iritsi da bigarrenez erakusketa hori Pasaiara. Honakoa da ordutegia:
- Gaur (ostirala): 21:00ak arte zabalik.
- Bihar (larunbata): 11:00etatik 21:00etara irekita.
- Etzi (igandea): 11:00etatik 19:00etara bisita daiteke.