I. Energiaren Astearen barruan antolatu du Errenteriako Udalak Energia Azoka. Datorren astean, lau hitzaldi izango dira astearen barruan.
Watt erronka egin dute Hibaikako arraunlariek azokaren barruan.
I. Energiaren Astea antolatu du Errenteriako Udalak eta horren barruan, Energiaren Azoka egin dute gaur Zumardian. Eguzkiaren energia itzalkinaren euskarrian jasotzen duen entxufearekin eskuko telefonoa kargatzeko sistema, eguzkiaren energia baliatuta kozinatzeko prestatutako tresna, etxe barrua beroa mantentzeko material isolatzaileak… Hori eta askoz ere gehiago ikusteko, eta bide batez ere ikasteko, aukera izan dute Zumardira hurbildu direnek. Horietako batzuk, Oskar Jimenez Errenteriako asmatzailearen tresnak dira, besteak, berriz, Usurbilgo Lanbide Eskolan sortutakoak.
Azokarekin, herritarrak “sentsibilizatu” nahi ditu udalak, “ingurumen kontzientzia handitu, egunerokotasunean energiaren erabilera egokiaren alde jardun ahal izateko”.
Hibaika Arraun Elkarteko haur eta kadete neska-mutilek ere egin dute bat azokarekin. Watt, edo energia ekoizteko erronka egin dute Zumardian, eta gogotik aritu dira ergometroan.
Azokaren barruan marka ezberdinetako etorkizuneko hamahiru ibilgailu hibrido eta elektriko erakutsi dituzte eta horietako batzuk probatzeko aukera ere izan da.
Azoka izan da astearen barruan ekintza nagusia, baina datorren astean izango du jarraipena. Astelehenetik ostegunera hitzaldiak antolatu dituzte.
Egitaraua
- Hilak 19, astelehena: Elektrizitate faktura nola ulertu eta doitu, Goienerren eskutik 19:00etan Xenpelar Etxean.
- Hilak 20, asteartea: Errausketa, hondakinen energia balorizatzea? Zabalgarbiko kasua, Gorka Bueno EHUko irakaslearen hitzaldia.
- Hilak 21, asteazkena: Eraikinen energia birgaikuntza, praktika egokiak eta diru laguntzak, 19:etan Xenpelar Etxean Izaskun Rekarte, Eujenio Olaizola, Iñaki Retegi eta Xabier Sanchez arkitektoekin.
- Hilak 22, osteguna: Nola aurreztu energia termikoa eta elektrikoa etxebizitzetan, 19:00etan Xenpelar Etxean Uhinak enpresako Rafa Irastorzaren eskutik.