Lehen estropadak, lehen garaipenak
KAE2 Ligako lehen estropada irabazi dute San Juango mutilek, eta Gipuzkoako Ligako lehen estropada Batelerek.
Ezin zuten hobeto hasi. Arraun denboraldia asteburuan hasi da emakumeentzat eta KAE 2 Ligako mutilentzat, eta Pasaia Donibane Koxtapek denboraldiko lehen bi garaipenak erdietsi ditu. Emakumeak larunbata goizean lehiatu ziren. Bilboko Emakumeen II. Ikurriña jokoan zen, Deustun, eta han eman zioten hasiera aurtengo Gipuzkoako Emakumeen VIII. Traineru Ligari. Azken urteotako ohiturari jarraituz, lehia nagusia, Koxtapeko eta Hibaikako nesken artekoa izan zen. Errenteriako neskak sanjuandarrak baino azkarragoak izan ziren estropadaren lehen luzean, baina itzulerakoan Hibaikakoen erreta gainditu zuten Batelerek, estropada irabaziz, zazpi segundoko aldearekin. Hirugarren postuan Orio helmugaratu zen, eta Hernani izan zen laugarren. Mutilak ere asteburuan estreinatu dira. KAE 2 Liga Erandion hasi da, eta ezin hobeto hasi sanjuandarrentzat. Estropada irabazi dute San Juango mutil gazteek, Donostiarrarekin eta Hibaikarekin lehian, baina nagusitasunez. 24 segundoko errenta lortu zuten arrosek. San Pedroko Kalparra zazpigarren helmugaratu zen, liderretik 37 segundora. Asteburuan gehiago Denboraldia martxan da, eta puntuak pilatzeko lehia bixi-bixi abiatu da. Emakumeek zita bikoitza dute asteburuan: larunbatean, Donibanen, I. Femegu Bandera izango da lehian, 17:30etik aurrera, eta igandean, Portugaleten dute estropada. Bi estropadak ligarako puntuagarriak dira. KAE2 Ligak ere zita bikoitza du asteburuan. Larunbatean, Portugaleten, 16:30ean, eta igandean, Getarian, 12:00etan.