Pasaiako Udalak antolatu du hitzaldia, Errefuxiatuen Aldeko Nazioarteko egunaren karietara.
Haur asko bizi dira Greziako hiriburuko hotel okupatuan.
Errefuxiatuen aldeko Nazioarteko Eguna da gaur (hilak 20) eta ospakizunaren testuinguruan, Pasaiako Udalaren Migrazioa eta Aniztasunaren Arloak hitzaldi bat antolatu du,
Pasaportes para Siria elkartearekin elkarlanean.
Atenasko City Plaza Hotelaren esperientzia hartuko dute hizpide aipatu elkarteko kide Maria Bernalek eta Nagore Garcia de Vicuñak, eta horrez gain, Atenasekin zuzeneko konexioa egingo dute, han den Itziar Villalbarekin hitz egin ahal izateko.
City Plaza hotela errefuxiatuek okupatuta dute. Greziako hiriburuko hotelean, gaur egun 400 lagun bizi dira, eta ia erdia haurrak dira, Siria, Irak, Pakistan, Iran eta Afganistanetik etorrita. Errefuxiatuen gune autogestionatua da eta Pasaportes para Siria elkarteak bertan direnei laguntzeko proiektu bat du martxan. Horretaz ariko dira, besteak beste, biharko hitzaldian.
Errefuxiatuak: karitatetik aktibismora City Plaza hotelaren esperientzia izenburupean, bihar (hilak 21), 19:00etan hasiko da hitzaldia. Gaztelaniaz izango da, eta sarrera debalde.