San Joan bezperan sua pizteko asmoa duten guztiek baimena eskatu behar dute udaletxean.
Illunbe Musika Elkarteak antolatzen du urtero Trintxerpeko San Joan sua
Aurreko urteotako ezbeharrak saihestu aldera Pasaian iaztik nahitaezkoa da aldez aurretik baimena eskatzea San Joan bezperan sua piztu ahal izateko. Idatziz jakinarazi behar da asmoa, udaletxeko erregistroan, eta eskaeran, suaren kokaleku zehatza ez ezik, arduradun baten izen-abizenak eta harekin harremanetan jartzeko bidea erraztu behar dira.
Izan ere, eskaera aurkeztuta, udalak aipatu arduradunekin bildu eta hainbat gomendio luzatuko dizkiete denei. Istripuen prebentziorako, suak nola prestatu eta nola piztu azalduko zaie, eta, era berean, zerbait gertatuz gero nola jardun behar duten azalduko diete.
Ostiralean, Pasaiako lau barrutietan izango dira udako solstizioa ospatzeko ekitaldiak.
Trintxerpen, ohi bezala, Illune Musika Elkarteak antolatuko du San Joan sua, Gudarien Enparantzan,
20:00etatik aurrera;
Donibanen, Santiago plazan piztuko dute sua,
21:00etan;
San Pedron, Torrean,
22:00etan, eta
Antxon, azkenik, Gure Zumardian,
22:30ean, Alkartasuna Euskal Dantza Taldeak antolatuta.