2014ko ekainaren 3an egin zuten ‘Haritza operazioa’ deitu ziotena. [Argazkia: Gorka Rubio/ARP].
2014ko ekainaren 3an, Guardia Zibilak bost oiartzuar —Xabier Iragorri, Ramon Gaztelumendi, Ramuntxo Sagarzazu, Joakin Izagirre eta Ixiar Iñarra— atxilotu zituen Oiartzunen. Aritxulegiko Gudarien Basoarekin “terrorismoa gorestea” leporatu zieten. Horrez gain, beste sei laguni ere deklarazioa hartu zieten.
2015eko azaroaren 27an jaso zuten sententzia atxilotutako bost lagunetatik lauk. Sagarzazuk ez, preso zegoelako orduan. Orduan ebatzi zutenez, Aritxulegin egindako ekitaldia “intimoa” izan zen, hildakoen familia, senide eta lagunena eta ez da akreditatzen terrorismoa goraipatu zenik.
Falta zen bosgarren oiartzuarra —Sagarzazu— atzo absolbitu zuten. Beraz, Aritxulegiko ekitaldiarengatik atxilotutako bost pertsonak kargurik gabe geratu dira.
Sorturen erreakzioa
Sagarzazuren absoluzioa albiste ona dela esatearekin batera, irakurketa egin du Oiartzungo Sortuk.
“Sekula gertatu behar ez zuten atxiloketa horiekin, Espainiako estatuak herri honetan gertatutakoaren memoria zati bat bahitu eta deuseztatu nahi izan du”, esan du alderdiak. Euren esanetan, Espainiako estatuak “gatazka guztiz desitxuratu nahi izan du”.
Ez dutela lortuko ziurtatu du Oiartzungo Sortuk: “Herri honen alde bizitza eman duten guztiak oroitzeko eskubidea dugu”.