Santesteban, irudiaren eskubian, brontzezko dominarekin.
Ane Santesteban errenteriarrak eta Lierni Lekuona lezoarrak paper txukuna jokatu dute txirrindularitzako errepideko Espainiako Txapelketan. Larunbatean jokatu zuten proba hori, 105 kilometroko ibilbidean.
74 txirrindularik hartu zuten parte Garray eta Soria lotu zituen proban. Lehenengo kilometroetan ihesaldia osatzeko saiakera antzuak egin zituzten txirrindulariek. 39. kilometroan osatu zen lehenengo ihesaldi garrantzitsua: Lekuona talde horretan zen, eta ondoren batu zitzaien Santesteban. Sheyla Gutierrez izan zen ahalegina zapuztu zuena.
Pare bat txirrindularik egindako ahaleginak hutsalak izan ziren. Sorian bertan —bi buelta eman zioten zirkuituari— Lourdes Oiarbidek tropeletik jauzi egin zuten, eta 35 segundoko errenta atera zuen. Lau kilometro falta zirela harrapatu zuten. Santesteban ahalegindu zen, baina ezin izan zuen Gutierrezen kontrola hautsi. Helmugan, Gutierrez Mavi Garciari gailendu zitzaion sprintean, eta errenteriarra bost segundora sartu zen. Lasterketaren ondoren egindako adierazpenetan azaldu zuenez, oso pozik dago hirugarren postuarekin: “Orain dela hilabete ez nuen nire burua lehian ikusten. Gainera, urte osoan zehar hainbat atsekabe izan ditut, eta pozik nago lortu dudanarekin”.
Lierni Lekuonak irabazlearengandik hemeretzi segundora bukatu zuen. Proban zazpigarren izan zen, baina 23 urtez azpikoetan bigarren bukatu zuen.
Bestalde, Santesteban seigarren izan zen ostiralean lehiatutako erlojupekoko proban. Lourdes Oiarbide garailearengandik bi minutura bukatu zuen.