Arditurrin arrantzatutako izokina.
Eguzki talde ekologistak jakinarazi duenez, hilaren 21ean eta 22an bi izokin (gutxienez) arrantzatu zituzten Oiartzun ibaian. Ipar Atlantikotik ibaira bidai egin zuten, espezieari jarraipena emateko asmoz. Gogorarazi dutenez, legez kanpo arrantzatu dituzte, Arditurrin (Oiartzun) eta Fanderian (Errenteria-Oreretan). “4-5 kiloko bi izokin harrapatu dituzte bertan, ur emari txikia eta tenperatura altuak eragindako zailtasunak baliatu dituzte harrapatzeko”, esan dute ekologistek. Iaz ere antzeko gertaerak salatu zituzten.
Izokin arrunta mehatxatuta dagoen espeziea da, eta uraren kalitate hobetzeari esker, antzinako bizitokiak berreskuratzen ari da. Fanderiako presa botatzeak hobekuntza ekarri zuen, horrela.
Natura 2000 Sarea kudeatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiari baliabide ekonomiko gehiago eskatu dizkio Eguzkik, bai ekonomikoki baita ere giza baliabideen aldetik —basozain gehiago jarriz—. Gogorarazi dutenez, Gipuzkoan Bidasoa ibaian bakarrik arrantza daitezke izokinak, eta kopuru mugatuan.
Ibaien bioaniztasuna erasotzen duten lege hausteak jazartzeko eskatu du talde ekologistak. Ibaiak berreskuratze bidean daudela nabarmendu dute, eta bide hori bermatu behar dela aldarrikatu dute.