Ikastaroak eta erakustaldiak eskainiko dituzte bihar arratsaldean. Slackline kirola praktikatzeko aukera egongo da.
Lezoko skate parkean egingo dituzte jarduerak.
Muturreko Kirolak elkarteak, Lezoko Udalaren laguntzarekin, scoot jaialdia antolatu du etzi arratsalderako (larunbaterako). Kirol hori —bere ertz guztiekin— ezagutaraztea eta sustatzea da jaialdiaren helburua.
16:00etan hasiko dituzte ekitaldiak, skate parkean. Lehendabizi, hainbat ikastaro eskainiko dituzte, materiala nola zaindu, konpondu, garbitu eta abar azaltzeko. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, talde txikietan antolatuko dituzte tailer horiek, eta adin zein maila guztietako pertsonek parte har dezakete.
Tailer horiek bukatuta, scootean ibiltzen diren riderrek erakustaldi bat egingo dute. Horrez gain, slacklinean oreka ariketak egiteko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek.
Musikak girotuko ditu ekitaldiak, eta bukatzean, sariak zozkatu eta banatuko dituzte. Jaialdia biribiltzeko asmoz, afari-merienda eskainiko diete parte hartu duten guztiei. Eguraldi txarra egiten badu, frontoian izango da jaialdia.