Oiartzungo egoera diagnostikatzeko tailerra egin zuten pasa den maiatzaren 27an.
Sortu ezkerreko alderdi abertzaleak birfundazio prozesua burutu zuen urte hasieran, Euskal Herrian. Herriz herriko taldeak ere prozesu berean murgilduta daude. Hala gertatzen da Oiartzunen ere. Hainbat hilabete daramate Oiartzungo Sortu berriro sortzeko lanean buru belarri, eta hilaren 15ean batzar eratzailea egingo dute.
Pasa den maiatzaren 27an tailerra egin zuten. Hamarnaka lagun taldetan banatu ziren, eta herriaren diagnosia egin zuten, esparruz esparru. Helburua, euskal errepublika eraikitzeko prozesuari Oiartzundik egin daitekeen ekarpena marrazten hastea izan zen.
Tailer horretan ateratako ondorioen kudeaketa egiten ari da BirSortu behin-behineko lan taldea. Gainera, lan talderako proposatutako izen-abizenak dituzte esku artean eta hilaren 15ean aukeratuko dituzte. Azaldu dutenez, hilaren 15eko batzar hori prozesuaren bukaera ez ezik, funtzionatzeko modu berri baten hasiera izango da. Izan ere, batzar horretan bertan, datozen urtetako lan lerroak bozkatuko dituzte.
Batzar eratzailea Manuel Lekuona bibliotekan egingo dute, 11:00etan hasiera. Haurrak zaintzeko zerbitzua behar izanez gero, Sorturekin
e-posta bidez jarri behar da harremanetan.