Murgil Eraikuntzak enpresak egingo ditu; ikasturtea hasi baino lehen bukatu beharko dute
Gezalaren sarrera ondoan, Herri Eskola aldera, jarriko dituzte aldagelak.
Lezoko gobernu batzordea gaur goizean bildu da. Bertan, Gezala auditoriumeko obrak esleitzea onartu dute. Murgil Eraikuntzak SL enpresari esleitu diote obra, eta 86.609,17 euroko aurrekontua izango dute.
Bi hilabeteko epean egin beharko dute obra. Izan ere, ikasturtea hasi baino lehenago aldagelak prest eduki nahi ditu udalak.
Zehaztu dutenez, kulturaren aldeko apustua da aldagelak sortzearena. “Gezalak egun ez du eremurik gauzak utzi eta aldatzeko. Ondorioz, bertako zein kanpoko taldeek ez dute eszenatokira igo aurretik lasai egoteko espazio egokirik”, gaineratu du udalak. Horrela, Gezala auditoriumean antzezten edo lan egiten duten taldeen beharrei erantzungo diete.
Bestalde, gaurko bileran beste bi erabaki hartu dituzte. Lehena, lorezaintza kontratua Gureak Berdea SLU enpresari esleitu diote. Bigarren erabakia, Hezkide Eskolak datozen bi ikasturteetan kudeatuko ditu ludoteka eta Gezala sarrerako zerbitzuak.