[Galeria] Azkena, txikiena
Haurren Eguna ospatuz bukatuko dira gaur Antxoko sanferminak.
Julen Arruabarrena Novo eta Nahia Chaparrok aginduko dute gaur Antxon, alkate eta alkatesa txikiek. Beraiena da gaur aginte makila, Antxoko sanferminetan Haurren Eguna ospatuko dutelako festetako azken egunean. Goizean Biteri plazako karparen aterpean bilduko dira barrutiko txikiak. Xake txapelketan ariko dira goiztiarrenak, ondoren, eguraldiak baimentzen badu behintzat, Koloreak konpartsaren desfilean irteteko, eta erraldoi eta buruhandiekin lasterka aritzeko. Haurrentzako herri bazkaria ere bada gaur, Biteri plazako karpan baita ere. Bitartean, Oarso kalean, Marmitako goxoena zeinek prestatuko ariko dira lehian, eta TOPAgunean parrillada dut. Beraz, otordurik behintzat, gaur ere ez da faltako. Andoni Ollokiegiren emanaldia, Patata Tropikala taldekoen antzezlana, jolasak eta tailerrak, bigantxak… hamaika ekitaldi izango dira oraindik, gauerdian, Gaixoa Ni abestuz eta ura eskean sanferminak hurrengo urtera arte agurtzeko.