Oiartzunen dauden bederatzi haur sahararrak, udalekuetan.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Sahararen aldeko elkarteek jaialdi bat egiten dute urtero. Aurten Oiartzunen izango da, eta Ongi Etorri Sahara izena jarri diote. Herriko El Watan elkarteak egun osorako egitaraua prestatu du iganderako (ikusi behean).
Data ez dute ausaz aukeratu. “Bagenekien Saharatik etorritako haurrak uztailaren 16rako hemen egongo zirela”, esan du Olga Leibar El Watan elkarteko kideak.
Bere taldekide Esti Juanesek egitarauaren zehaztapenak eman ditu. “11:00etan botako dugu etxaferoa. 12:00etan ekitaldi politikoa egingo dugu udaleko, Frente Polisarioko ordezkariak, Otsailak 27 Koordinadorako [Sahararen aldeko elkarteak] eta Oporrak Bakean egitasmoko ordezkariek hitz egingo dute. Bertso pare bat abestuko dira, eta aurreskua dantzatuko dute dantzariek”, azaldu du.
14:00etan hasiko da bazkaria. Salgai jarri zituzten 270 txartelak agortu dira dagoeneko. Leibarrek gonbita luzatu du: “Bazkaritarako ez, baina festarako badugu tokia”. Ondoren, 16:30ean, Trotamundos antzezle bikoteak ikuskizuna eskainiko du. Bilbon bizi diren argentinarrak dira, eta behin baino gehiagotan izan dira Saharan, hango haurrei antzerki eskolak ematen.
18:00etatik aurrera, Euskal Herrian bizi diren musikari sahararrek kontzertua emango dute. Eguna Hassana Aalia errefuxiatuarekin bukatuko dute, eta suziri pare bat botako dituzte.
Haurrei zuzenduta
Saharatik bederatzi haur etorri dira, Oiartzunera, uda pasatzera. Zazpi familiak egin diete harrera. Gehienbat, beraiei zuzendutako festa dela nabarmendu du Leibarrek. “Bi hilabetez egoten dira etxetik kanpo, gogor egiten zaie. [Hilaren] 16koa izango da hemengo herrietara iritsi diren sahararrak topatzeko aukera. Oiartzunen daudenak ez dute bere artean elkar ezagutzen, eta beste herrietako batzuk bai ezagutzen dituztela”, esan du.
Horregatik, haurrak elkartzeko aukera ona izango da igandekoa. Eurentzako —baita beste haurrentzako ere— jolasak, puzgarriak eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte.
“Komunikabideetan, normalean, klimaren, osasunaren eta abarren ikuspuntua nabarmentzen da”, esan du Juanesek, “baina ez dugu ahaztu behar lurralde okupatu batean bizi direla. Hori da hona etortzeko benetako arrazoia”. Haurrak euren kausaren enbaxadore direla aldarrikatu du.
Horrez gain, haur sahararrak euren etxeetan jasotzen dituzten familien kopurua jaitsi dela jakinarazi dute. Igandeko festarekin familia berriak akuilatu nahi dituzte, datozen urtetan pauso hori ematera anima daitezen.
Sahararen bozgorailu
Festa egiteko beste arrazoia Saharako egoeraren berri ematea da. Marokok okupatutako lurraldeetan gertatzen denarekiko blokeo informatiboa dagoela salatu du Juanesek.
Leibarrek gogorarazi du 200.000 saharar bizi direla errefuxiatuen kanpalekuetan, 1975tik. “Eta urik gabe”, zehaztu du. Baldintza kaskarrak izanagatik, ez dute lurralde okupatuetan jasaten duten errepresioa pairatzen. “Errepresioa izugarria da lurralde okupatuetan. Hortik dator blokeo informatiboa. Fokua jarri behar den tokian ez da jarri behar: benetako arazoa da lurraldeak okupatuta daudela”, berretsi du Juanesek.
Orain dela zazpi urteko gertaerak errepasatu ditu: “2010ean, El Aaiuneko biztanleak hiritik atera ziren, eta izugarrizko kanpalekua antolatu zuten: 30.000 biztanletik gora zeuden. Marokoarrek kanpalekua bota zuten, eta jende pila bat atxilotu zuten, tartean Hassana Aalia. Oraindik epaiketetan dabiltza”. Sahararen auziarentzako konponbidea eskatu dute El Watan elkarteko kideek. Eta hori —ere— aldarrikatuko dute igandean.
Egitaraua
- 11:00etan: Txupinazoa.
- 12:00etan: Ekitaldia politikoa.
- 14:00etan: Bazkaria.
- 16:30ean: Trotamundosekin, antzerkia.
- 18:30ean: Kontzertu sahararra.
- 20:00etan: Agurra Hassana Aaliaren eskutik.
- Egunean zehar: Puzgarriak, jolasak, henna, El Watanen postua, haima, zozketa…