Mendiburu 14 erakinaren aurreproiektua aurkeztu dute. Oiartzungo hainbat eragileri toki egin nahi diete bertan, eta herriak duen kultur aretoaren beharra asetu
Aurreproiektua diseinatu duten arkitektoek esan dute eraikina inguruan ahalik eta integratuena egongo dela.
Mendiburu 14 eraikina birmoldatzeko aurreproiektuak aurrera jarraitzen du. Egun Gazte Izanak erretiratuen elkartea dagoen eraikina bota —hondamendi egoeran izendatuta dago—, eta berria eraiki nahi dute, handiagoa eta txukunagoa.
Herenegun aurkeztu zuten aurreproiektua, eta herritarren ekarpenak jasotzeko fasean sartuta dago, hilaren 28ra arte. Aurkezpen ekitaldian udaleko ordezkariez gain, Astazaldi estudioko arkitektoek zein udalekoak eman zituzten azalpenak.
Egungo udal gobernua sartzean, jubilatuen elkartearen egoitzan hutsune bat bazegoela adierazi du Eneritz Arbelaitz Oiartzungo alkateordeak: «Irisgarritasuna ez da betetzen, eta eraikinak, bere horretan ere, hainbat hutsune ditu: etxe bat da, mila eskailera dituena. Ez du balio zerbitzu publiko bat emateko».
Horrez gain, Gizarte-Ongizate zerbitzuko teknikari guztiak udalean sartzen ez direla gogorarazi du: «Batzuk hemen daude, beste bat Mendiburu kaleko lokalean dago… Handitzen ari den zerbitzua da, oinarrizkoa, eta zerbitzu txukun bat emateko bere eremua behar duena. Udaletxean bertan espazio arazoak ditugu…».
Hainbat faktore elkartuta, udal antolamenduan zein jubilatuen egoitzan zerbait egin behar zela erabaki zuten. Gainera, existitzen ez den kultur aretoa eraikitzeko asmoa zuen Udal Gobernu Taldeak. Arau Orokorretan Mendiburu kaleko 14 zenbakiko eraikina udal ekipamendu bezala izendatuta zegoenez, pentsatu zuten hor bertan egin zitekeela erretiratuen egoitza berria eta kultur aretoa.
Buruari bueltaka hasi ziren orduan. Izan ere, hainbat behar identifikatuta zituen udalak. Arbelaitz: «Jubilatuek ere beste lokal mota bat behar dute. Oraingoak taberna bat dauka, erabilera bat du, baina gero eta erretiratu gehiago egongo dira eta behar berriak izango dituzte. Tabernaz gain, tailerrak egiteko-edo leku bat behar dute». Gainera, Oiartzungo euskalgintzaren aspaldiko aldarrikapena zen eragile guztiak eraikin berean batera egotea.
Lehen urratsak
Gazte Izanak dagoen egoitzan joango da eraikin berria.
Kontrasteak egin ondoren, lanketa serioagoa egiten hasi zirela gogorarazi du alkateordeak. «Udaleko arkitektoen planoetan, ikusi zen sar zitekeela. Gero kanpoko bulego —Astazaldi— baten esku utzi genuen. Esan genien: ‘Zuek lanketa egin, baina zuzeneko eragileak izango direnekin kontatuz’».
Astazaldikoak bilerak egiten aritu dira, esparruka: bakoitzari galderak egin zizkioten, ea zeintzuk ziren euren zergatiak, beharrak, eta beste. Datu horiek hartuta, eragileen beharrei egokitutako eraikina zirriborratzen hasi ziren, eta plano bat sortu zuten. Eragileekin proposamena osatu, eta pasa den asteazkenean aurkeztu zitzaien gainontzeko oiartzuarrei. Orotara, 780 metro koadro izango ditu.
Euskalgintzaren, kultur aretoaren eta erretiratuen egoitza izango da
Kultur aretoaren kasuan, argi zuten erabilera anitzekoa izan behar zuela, eta eserlekuak jarri eta kentzeko modukoak. «Beste herrietakoak ikusten aritu dira: Hondarribiko Itsas Etxea, Errenteria-Oreretako Niessen… Dena asmatua dago, eta Oiartzuni gehien egokitzen zaiona hartzea da», esan du Arbelaitzek. Beheko solairuan joango da aretoa. 240 eserlekuko areto bat egitea adostu zuten. Eserlekurik gabe, 400 lagunentzako edukiera izango du aretoak.
Erretiratuen elkartearen egoitzari lehen solairua dagokio, orain dagoen altueran. Solairuaren erdia tabernari eskainiko zaio, eta beste erdian masaje gune bat—podologoa, fisioterapeuta eta abarrentzako—, ile apaindegia, eta tailerrak egiteko gune bat joango da. Gainera, tabernaren aldean, terraza handi bat aurreikusi dute. Mendiburu kaletik zuzenean sartzeko aukera emango dute, irisgarritasun arazoak konponduz.
Eraikin berria koroatuko duen bigarren solairuan euskalgintzako eragileei tokia utziko diete:?Ttur-Ttur, AEK, UEMA, euskalgintza, Oiartzun Irratia… Euskaltegiak eramango du solairuaren ia erdia, eta gainontzekoa irrati estudio eta bulegoentzako izango litzateke.
Alboko eraginak
Euskalgintzako eragileak —irratia izan ezik—Fermiñenen daude gaur egun. Eraikin berrira mugituta, Done Eztebe plazakoa libre geratuko da. Egoiliar berriak zeintzuk izango diren pentsatuta du Oiartzungo Udalak:?Gizarte-Ongizate zerbitzuak.
«Hasieran pentsatuta genuen», esan du Arbelaitzek, «Karaez kalera eramatea, baina hemendik hamar minutura dago, agian udalak eman behar duen dokumenturen bat behar baduzu… Komeni da dena elkarrekin egotea, eta Fermiñenek aukera hori ematen du. Orain arteko zerbitzua, eta gehiago, emateko aukera egongo da». Horrela, udalaren zerbitzu guztiak bata bestearen ondoan egongo lirateke. Hori positiboa dela berretsi du alkateordeak: «Edonor igo daiteke Xorrolan, edo autoa aparkaleku publikoan utzi. Gainera, Gizarte-Ongizate zerbitzuan dokumentu bat behar izanez gero, udala ondoan dago».
Ekarpen eta itzulpen faseak gaindituta, udazkenean hasiko da proiektua
Mendiburu kalera ez ezik, Landetxe plazara ere emango du eraikin berriak. Plaza hori konpondu nahi dute: «Landetxe plaza egin zenetik, arazoak daude. Ura sartzen da garajeetan, gaizki egina dago hasieratik. Obretan hasi behar badugu, logika dauka plaza ere berritzea. Ezin da eraikinaren obrarik egin, eta hemendik bi urtera plaza txukuntzen hasi». Bizilagunekin hitz eginda, argi zuten bi proiektuek batera joan behar zutela. Aurrerago elkarrekin diseinatuko dute plaza.
Proiektu izarra
Agintaldiko egitasmorik garrantzitsuena izango da Mendiburu 14. Arbelaitzek nabarmendu duenez, orain arte mantenu lanetan aritu dira. «Aurreko agintaldia eta oraingoa nahiko tristeak izan dira diru aldetik. Orain pixka bat buelta ematen hasi dela, hasi ginen bidegorriarekin, auzoetako lanekin…», azaldu du.
Kultura aretoarena ezkerreko abertzaleen hautagaitzen hautes programetan historikoki joan den gaia dela esan du. Kuriositatez, azkenekotan ez zen azaldu, badaezpada ere. «Argi pixka bat ikusi genuenean, esan genuen ‘goazen egitera!’».
Herritarrek ekarpenak egiteko fasea irekita dago. Proiektua ezagutu nahi duenak, pleno aretora jo dezake, han daude planoak. Helegiteen orriak bertan bete behar dira, hilaren 28ra arte. Horrez gain, hilaren 14an, 18an, 20an eta 26an alkatea edo alkateordea bertan egongo dira, 11:00etatik 13:00etara, eta 18:30etik 20:30era, azalpenak emateko. Epeei dagokienez, ekarpenak aztertu eta eragileekin kontrastatuta, itzulpen fase bat hasiko da udazkenean. Aurreproiektua indartuta ateratzea nahi du udalak. Gero hasiko da prozedura administratiboa. Arbelaitzen ustez, obra ez da agintaldi honetan bukatuko. Kostuaren estimazioa: 4.000.000 euro.
Zuzeneko eragileak itxaropentsu dira eraikin berriaren proiektuarekin
Mendiburu 14ko eraikina hainbat eragilerentzako aterpea izango da. Batzuekin hitz egin du Oarso Bidasoko Hitzak.
Gazte Izanak
Hamarnaka herritar bildu ziren aurreproiektuaren aurkezpenean.
Gaur egun, Mendiburu kaleko 14 zenbakian dagoen eraikina Gazte Izanak erretiratuen elkartearen egoitza da. Fermin Lorza elkarteko presidenteak gogorarazi duenez, irisgarritasun arazo handiak ditu eraikinak: «Eskailerak daude goian, behean… jubilatuentzako ez dago prestatuta. Bazkide batzuk badauzkagu horregatik etortzen ez direnak». Eraikin berriarekin, solairu bakarrean bilduko litzateke dena.
Tabernaz gain, jarduerak egiteko areto bat izango dute. «Gauza asko nahi ditugu bultzatu», esan du Lorzak. Zaharrentzako jarduerak izango lirateke: «Edadeko jende askok Internet eta gauza horiek ez ditu kontrolatzen, eta ikastera etorri nahi dutenak badira. Baita euskara ikastea ere: guk euskara hitz egiten dugu, baina idaztean, hankasartzeak egiten ditugu. Memoria lantzeko ikastaro batzuk egin nahiko genituzke. Orain hemen ez dugu tokirik egiteko».
Intxixu AEK
Intxixu AEK-ko Saioa Ballesterosek onartu duenez, euskalgintzako eragileak oso gustura daude Fermiñenen. «Tokia pribilejiatua da, eta baldintzak ere», esan du. Hala ere, aldaketa bat nahi dute aspalditik: «Asmoa, gogoa eta helburua genuen denak leku berean biltzeko, Euskararen Etxea delakoan». Guztiak batera bilduko dira eraikin berrian, orain falta den Oiartzun Irratiarekin batera.
Azaldu duenez, Ttur-Ttur sortu zenean, helburua izan zen herriko euskalgintza biltzea. «Fermiñene, urteen poderioz, bilakatu da halako erreferente bat. Uste dut irratia bera biltzea, baita udaleko euskara atala eta UEMA ere, leku fisiko berean egonda, hobe izango dela denontzat. Elkarlana landu eta sustatzeko aukera emango duela uste dut», esan du. Ibilbide luzea du AEKn, eta espero du behin betiko lekua izatea: Done Eztebe plazako lokala, Madalensorokoa eta egungoa ezagutu ditu.
Oiartzun Irratia
Euskalgintzako gainerako eragileekin batera elkartuko da Oiartzun Irratia. Alazne Etxeberriak aitortu du ez daudela kokaleku onenean: «Askok oraindik ez dakite non dagoen lokala. Plazan bertan egotea polita izango da. Gainera, beste eragileekin batera egongo gara: elkarrizketetarako ongi etorriko da, gertutasuna daukagu herritarrak hurbiltzeko. Erakusleiho handiagoa izango da, eta bertara hurbilaraztea errazago egingo du», adierazi du.
Gaineratu duenez, euren lokala ez da txikia, baina baditu hutsune batzuk. Hala, kristal batek banatzen ditu kazetaria eta elkarrizketatua, eta Mendiburu 14n biak elkarrekin egongo lirateke, «goxotasuna» irabazteko. Horrez gain, beste nahi batzuk ere asetuko lituzke eraikin aldaketak: «Barregarria dirudien arren, leiho bat edukiko dugu. Eta aparkatzeko ere hobeto; orain arazoak edukitzen ditugu».
Ibargain
Ibargain musika eskolako zuzendaria da Juan Pablo Lizartza. 34 urte daramatza bertan, eta jakinarazi duenez, orduan ere bazen kultur areto bat egiteko promesa. Areto berriarekin, Oiartzun beste herrien parean jarriko dela uste du.
Egun jotzen duten lekuekin zorte txarra dutela gaineratu du:?«Elizak akustika txarra du; pleno aretoa ongi dago,baina pleno aretoa da… Askotan borrokan ibiltzen gara herriko beste talde batzuekin, denek erabili nahi dugulako. Honen premia bazegoen, aspalditik».
Areto bat egiteko proposamen ugari egon direla gogorarazi du Lizartzak, eta nahiko eszeptikoa zela aitortu du: «Ikusi genuenean definitzen hasi zela proiektua, oso pozik jarri ginen, gauzak diren bezala. Ikusi dugu errealitate bihurtzeko asmoa badagoela». Gainera, udala eragileekiko sentibera izan dela aitortu du.
«Badirudi behin betikoa dela. Gero, gerokoak», esan du Lizartzak. «Batzuk esaten ari dira aretoa handiegia dela, beste batzuk txikiegia… Normala da. Batez ere, kontua da, egongo dela. Eta herriak duen beharrari erantzungo diola».
Antzerkizaleen elkartea
Orain dela lauzpabost urte sortu zen Oiartzungo Antzerkizaleen Elkartea, udalak akuilatuta. Bertan dabil Oier Guillan. Adierazi duenez, aretoarena ez da berez eskaera izan, baina Oiartzunen hainbat hutsune sumatu dituzte. Izan ere, dinamika oso bizia sortu da herrian antzerkigintzaren bueltan. «Batetik, programazioaren aldetik, eta bestetik, helduentzako zein gazteentzako taldeen bitartez. Arrakasta handia izan du», esan du Guillanek.
Hala ere, programazioa egiterakoan, hainbat zailtasun aurkitu dituztela aipatu du, baliabideen egokitasunaren aldetik. «Itxaropena daukagu antzokiak beteko dituela gaur egun dauden hutsuneak, batez ere zentzu tekniko batean, era txukunagoan», esan du. Horrela, orain arteko programazioa aldatu beharko litzakeela uste du, dinamika berria bat sortuz: «Diru gehiago inbertitu beharko da, antzoki batek beharrak dituelako. Batetik, antzoki batek eskatzen duelako baldintza tekniko onak bermatuko dituen pertsona bat egotea. Bestetik, programazioan diru gehiago inbertitzea. Apustu handiagoa behar du».
Horrela, kultura proiektu integral baten alde egin du Guillanek, antzerkigintza horren zutabeetako bat izanda. Esan duenez, Euskal Herrian badira antzoki asko hutsik egon direnak, planik ez zutelako. Adierazi du Oiartzunen frogatu dela edukiontzirik gabe edukiak funtzionatu duela, eta itxaropentsu da etorkizunarekin. Hori bai, pausoz pauso joan behar dela zehaztu du.