Marea Gora egitasmotik sortu duten Errenteriako Etxebizitza Komunitarioa proiektuaren lehen fasea amaitu dute jada, herriko gazteen emantzipazioa erraztu eta eredu berri bat sustatzeko.
Galtzarabordara igotzeko bigarren maldaren inguruan dago etxebizitza komunitarioak jasoko dituen eraikina.
Gazteak eta etxebizitza. Bien arteko loturak, egun, zailtasun nabarmenak ditu, gazteek lan eta alokairu arazoak nonahi aurkitzen baitituzte. Egun, milaka gazte gurasoen etxean bizi da oraindik, independentzia lortzeko harriak bidean etengabe aurkitzen dituztelako. 24 urteko Jon Alvarez errenteriarrak aipatu bezala, «gaur egun, oso zaila da etxetik alde egitea». Alokairua «oso garestia» dela dio, herriaren erdigunean zein kanpoaldean. «Lana dugunontzat zaila bada, imajinatu lanik ez dutenek zein egoera pairatzen duten», azaldu du.
Arazo horri aurre egiteko, azken lau hilabeteetan Errenteriako Udala hurrengo urteetarako gazteentzako etxebizitza komunitarioaren plan berritzaile batean aritu da lanean. Gazteen behar eta nahiak identifikatu dituzte, etxebizitzaren izaera eta funtzionamendua zein izango den definitzeko. Eta garrantzitsuena: Galtzaraborda auzo inguruko etxebizitza oso bat hartu eta gazteen eskuetan utziko dute, emantzipazioa Errenteria-Oreretan, geroz eta gertuago izateko.
Marea Gora egitasmotik dator proiektua. Errenteria-Oreretako haur, nerabe eta gazteen parte hartzea sustatzeko udalak abiatutako prozesua da. Etxebizitza Komunitarioaren proiektuaz gain, haur eta nerabeei zuzendutako beste bi proiektutan murgildu da udala.
Emantzipaziorako tresna
Herritar gazteentzat eskura jarriko duten etxebizitzaren eredua emantzipazioan «irtenbide bat emateko» tresna da, udalaren arabera. «Arazoaren errora» joan nahi izan dute «beste eredu bat» sustatzeko. Jon Alvarez gazteak prozesuan parte hartu du, eta hark esan bezala, «Oreretako gazteen egoera aldatzeko lehen pauso garrantzitsua» da proiektua, «berritzailea da».
Eredua eta prozesu osoa martxan jarri aurretik, Herbehereetako, Danimarkako edo Kataluniako «esperientzia arrakastatsuak» hartu dituzte eredu bezala, bertan aplikatzen hasteko. Horrela, herrialde horietako etxebizitzen ezaugarriak erreferentzia gisa hartu dituzte.
Martxoan hasi ziren proiektuaren lehen pausuak ematen. Orduz geroztik, uztaila bitarte, Errenteria-Oreretako gazteen egoeraren mapa bat irudikatu dute. Horretarako, hiru atal nagusitan banatu dute prozedura guztia: definizioa, garapena eta abiatzea. Egun, definizio prozesua amaitu dute eta jada bigarren fasean pentsatzen ari dira.
Martxoan ekin zioten proiekturi, eta parte hartzailea da bere osotasunean.
Horretarako, martxotik uztailera bitarte, jardunaldi ezberdinak egin dituzte, proiektuari itxura ematen hasteko. Alvarezentzat, prozesu parte hartzaileak aukera eman du «guretzako izango den eskaintza batean gu geu erabakiaren zati izateko».
Bidean, udaleko zinegotzi eta teknikariekin kontrastatu dituzte datu eta emaitza guztiak, hurrengo pausoa ziur non eman jakiteko.
Izaera komunitarioa
Gaztea, komunitarioa eta hazitegia izatea dira Errenteriako Etxebizitza Komunitarioaren ildo edo ezaugarri nagusiak; gaztea, 18 eta 30 urte bitartekoei zuzenduta dagoelako; komunitarioa, bizikidetzarako eremu eta betebehar komunak izango dituelako; eta hazitegia, aurrera begirako elkarbizitzan gazteen etxeko bizitza estiloa islatzeko asmoarekin ekin ziotelako prozesuari.
Gainera, etxebizitza horretan, emakume zein gizonen kopuru berbera garantizatu beharko da, genero berdintasuna bermatuz. Etxebizitza berria, gela eta etxeko tresna ugari elkarbanatzeko horietakoa izango da. Hau da, ohiko familien etxebizitza estilotik harago joan nahi dute, gehiengoaren ongizatea sustatuz, inor aukerarik gabe gera ez dadin. Jon Alvarezek nabarmendu duenez, «filosofia horrekin, pixkanaka, eredu berri bat plazaratu daiteke gizartean».
Oraindik bi fase falta dira egitasmoa guztiz burutzeko, baina herriko etxebizitza komunitarioa geroz eta gertuago dute gazte errenteriarrek. Orain, garapenerako eta abiatzeko faseei ekingo diete, hemendik gutxira Errenteria-Orereta etxebizitza estilo komunitarioaren aitzindari bilakatzeko Euskal Herri osoan.
Izan ere, lehen udalerria izan da zentzu horretan pausua ematen, baina, seguru, ez dela azkena izango. Eredutzat hartuko dute herria.
Itziar Ostolaza, Errenteria-Oreretako Udaleko gazteria zinegotzia.
Itziar Ostolaza: “Etxebizitza eredu berri bat planteatzea da helburua”
Itziar Ostolaza gazteria zinegotzia gidari lanetan aritu da Etxebizitza Komunitarioaren proiektua aurrera eramaten, azpiegitura berriak izango duen izaera definitzen hasteko.
Zein helbururekin ekin zenioten proiektuari?
Lehenik eta behin, udaletik, gaiaren gaineko hausnarketa bat egin genuen. Hausnarketa horretan, urte askotan zehar, gure udalak eta instituzioek gazteen sektorea oso gutxi entzun dutela ondorioztatu dugu, eta gazteentzako plan bat martxan jartzea bururatu zitzaigun. Udaletik gazteriari dagokion politika zehazteko helburuarekin hasi ginen. Gazteentzako plan bat eraiki nahi bagenuen, hemendik 10 urtetako Errenteria irudikatuz, bai ala bai, gazteei galdetu behar geniela argi izan dugu hasieratik. Ez zuen zentzurik behar horiek identifikatu gabe guk geuk plan bat egitea. Joan den irailean erabakia hartu eta martxan jarri ginen.
Mahaiaren gainean jarri zen lehentasunezko gaia emantzipazioarena izan zen, nahiz eta beste arazo gehiago badiren. Emantzipaziora jauzi hori egiteko, orokorrean, zailtasun handiak daude. Datu kuantitatiboek hori diote: Oarsoaldea Gipuzkoako eskualde degradatuenetakoa da, langabezia tasa altuenetakoa duena. Horrek eragin nabarmena eta zuzena du gazteengan. Gazteen ahotsa hau izan da, datuek egia dela diote. Nahiz eta herritik harago doan, gai honen inguruan zer eskaini pentsatu genuen. Etxebizitza politikan udaletxeek ez dute eskumena, Eusko Jaurlaritzak markatzen duelako politika hori. Hala ere, apustua egin dugu, eredu aldaketa bat planteatzeko.Orduan, Europako beste herrialdeetako ereduak aztertzen hasi ginen.
Zein eredu?
Egun bi eredu nagusitzen dira gure herrian: alokairua edo hipoteka. Bi eredu horiek elikatzen jarraitzeak ez du horretan lagunduko, eta gure ekarpena eredu berri bat ekartzea izan da, ulertuta eredu honek gazteen egoera ez duela aseko. Baina, bai izan zitekeela, funtzionatuz gero, ate berriak irekitzeko aukera bat. Gure helburua izan da eredu eta apustu berri bat planteatzea, etxebizitzaren gaia sistema baten arabera definitzen delako.
Nolakoa izan da azken lau hilabeteetako prozesua?
Sopresa handia hartu dugu, oso positiboa. Parte hartze prozesuan parte hartu duen pertsonen profilak batez ere arritu ninduen. Denek aukera berberak izateko apustua egin genuen, herrian 18-30 urte bitartean erroldatuta dauden gazte guztiei zuzenean etxera eskutitz bat bidaliz, gonbidapena luzatuz, benetan denek aukera berberak izan zitzaten.Udaleko eremuetara gerturatzea gazteek duten beste arazoetako bat da, horregatik egin dugu batez ere. Askotarikoak gerturatu dira: jatorri anitzeko jende asko, etorkin ugari. Latinoamerikar batek begietara begiratuz esandakoa dut buruan: ‘Hemengo jendeari emandako aukera berbera guri ematea eskertzen dizut’. Niretzat oso polita izan da sortu den giro hori. Hasieratik argi genuen, proiektua aurrera ateratzeko, gazteen baiezkoa beharko genuela, eta hala izan da. Bestela, nahiz eta guk proiektuan sinistu, ez zuen ez hanka ez bururik izango.
Zer nolako izaera izango du eraikinak?
Orokorrean gazte, komunitario eta hazitegi profila izango du. Gazteak, adin tarte bat ezarri dugulako, jendartean sektore baztertuena ez izan arren, baztertuenetakoa delako. Komunitarioarena bi ardatzen barruan ulertzen dugu: komunitarioa barrura begira, hau da, bizitzeko moduari begira etxe barnean. Hor, gehienbat, espazio komunak eta etxe bat- familia bat ideiarekin haustea izan da gure nahia, etxe bat-pertsona asko eta espazio bat-pertsona asko ideiak garatuz. Gainera, elkarlan horren emaitzetan sinisten dugu.
Barrura begira, bitartekoen edo materialaren kolektibizazioa sustatu nahi dugu, eta horren adibide sinpleena garbigailuena izan daiteke. Zertarako garbigailu bat etxe bakoitzean, denen artean bat elkarbanatu beharrean? Hortik abiatuta, eredua aldatu nahi izan dugu. Bizitza filosofian %100era kokatu dezakezun eredua da.
Eta kanpora begira, zer?
Hori da, komunitario izaeraren beste oina kanpora begirakoa da. Guk, gazteei udal jabetza duen etxebizitza batean bizitzeko aukera ematen diegu. Udalak ez du dirua atera nahi horrekin, orduan, alokairu oso baxu eta duinetan gazteei etxebizitza horretarako sarbidea emateko aukera dugu. Baina, nolabait, trukean ere, gazte horiei komunitateari laguntza eskaintzea eskatuko diegu, kanpora begira lan sozial batzuk egiteko.
Honetan ere gure artean arrotza den beste ideia sartzen da: kasu honetan, etxe bat, diruz ordaindu beharrean, denboran ordaintzea. Hor ere, hilabetero, ordu kopuru batzuk zehaztu ditugu eta bertan biziko diren gazteek sinatu beharko dituzte.
Azkenik, hazitegia deitzen diogu eredu berri bat mahaiaren gainean jartzera gatozela ulertzen dugulako. Eredu berri horrekin hazi bat ereiten gabiltza gure herrian, eta horrek beste ate batzuk ireki ditzake. Ez da planteatzen inondik inora luzera begirako edo zure bizi proiektua egiteko etxe bat bezala; gehienez hiru urtez bizi ondoren, etxe hori utzi beharko dute, hazi hori gazte askorengan ereingo delako. Etxea oso dinamikoa izan daiteke, gazte asko pasako direlako. Arrakasta izango balu, udalak horrelako beste proiektu batzuk sor ditzake. Europan, adibidez, horrela bizi den adin lagin nagusia hirugarren adinekoena da. Agian, hemendik aurrera ikertu beharreko kontua da.
Beste herrietan interesa sortu omen du proiektuak….
Bai, hala da. Bereziki Gipuzkoako herrietan sortu da interesa. Egia esan, Gipuzkoako herri askotatik zuzenean deiak jaso ditugu. Bai udalek, eta bai herri mugimendu eta eragile ugarik deitu dute azken hilabeteetan. Proiektua aurrera doan heinean, geroz eta argiago dugu beste edozein herritan aplikatzeko eredu oso baliagarria dela, eta kasu honetan, horrelako tresna bat falta genuen.
Euskal Herrian ez dugu horrelako eredurik, udal batetik sustatu dena gainera, eta horrek suposatzen duen guztiarekin aurrera egin duena. Udaleko teknikariak lan handia egiten ari dira —arkitektoak eta juristak—honen tripak zerotik eraikitzeko, zaila baita hutsetik horrelako proiektu bat aurrera ateratzea. Behin lan hori egina dagoela, beste edozein udalerrirentzat errazagoa izango da horrelako iniziatiba bat martxan jartzea. Etorkizunari begira oso eredu interesgarria izan daiteke, edozein herritan aplika daitekeena.