Udalak hartutako publifikazio erabakiarekin ados egoteak ez duela esan nahi bere kudeaketa begi onez ikustea argitu du, bestalde, sindikatuak, "beste behin ere kaltetuak berdinak direlako, langileak. Eta hori onartezina da".
LAB sindikatuak publifikazioa txalotu eta langileekiko begirunea galdegin du.
TAO zerbitzuaren publifikazioa dela eta sortu den gatazkaren harira, prentsa oharra zabaldu du LAB sindikatuak. Berak ez duela azpikontratatutako enpresan ordezkaritzarik baina “ardura sindikala” baduela esan du sindikatuak, eta azken egunetan entzundako mezuekin eztabaida nagusia desbideratu nahi izan dela iritzi du, eta beste kasu batzuetan, erantzukizuna alde batean soilik kokatu nahi izan dela.
Pribatizazio prozesuak beti salatu eta borrokatu dituela esan du, “ondorioz, publifikazio zein errebertsio prozedurak txalotu egiten ditugu”. Hartara, begi onez ikusi du sindikatuak udalaren erabakia: “Garai bateko erabaki oker batek, pribatizazioak, eragin handia izan du urte hauetan guztietan diru publikoaren gestioaz mintzatzen baldin bagara, gehien bat enpresa pribatu bati, (Estacionamientos y Servicios SAU, EYSA), eman zaiolako diru publikoa, bere interes nagusia haien negozioa izanik zerbitzu publikoaren aurretik”. Egoerarekin enpresa atera dela irabazten orain arte gaineratu du LABek, “enpresari ere, bada, ez al diogu eskatuko erantzukizunik langile hauen etorkizuna bermatzeko? Ez da bidezkoa. Enpresak, udalak bezala, zer edo zer egin beharko luke egoera bideratzeko, gehienen ahotan udala baita arduradun bakarra, eta guk ez dugu horrela ikusten”.
Udalak hartutako publifikazio erabakiarekin ados egoteak ez duela esan nahi bere kudeaketa begi onez ikustea argitu du, bestalde, sindikatuak, “beste behin ere kaltetuak berdinak direlako, langileak. Eta hori onartezina da”.
Lana galduko duten bederatzi langileek ez dute pribatizaziotik inongo onurarik atera LABen esanetan, enpresak eta udalak ordea bai: “Bata aberastu delako eta besteak aurreztu egin duelako. Bitartean langileak lan baldintza duinak borrokatu behar izan dituzte. Orain ordea, eta langileen borrokari esker, udalak zerbitzua garestiago ateratzen zaiola ikustean, bederatzi langile hauen etorkizun ardura hartu ez eta zerbitzua bere egingo du udalak”. Tao eta garabi zerbitzuak beregain hartuko zituela jakinarazi zuenean udalak azaldu zuen, prozesuak langileei eragitekotan Oarsoaldeko hainbat enpresekin enplegu plana jarriko zuela udalak abian. Oarsoaldea Garapen Agentziak gauzatuko luke, eta egun TAO eta garabi zerbitzua eskaintzen duten enpresetako langileentzako prozesu pertsonalizatu bat litzateke. Enpresei laguntzak emango litzaizkieke pertsona horiek kontratatzeko, udalak esan zuenez eta plan horrek, 200.000 euroko aurrekontua izango luke.
Azken hori ez da nahikoa LABen ustez, “ez baitu bermatzen langile hauen etorkizuna, eta gutxiago orain arte lortutako lan baldintzak”. Erantzukizuna konpartitua den zalantzarik ez du: “Zerbitzu publiko bat egiteagatik aberastu delako enpresa aukera berdintasuna, euskara, eta gardentasuna bezalako irizpideak izan behar dituen zerbitzu publikoaren gutxienekoak bete gabe; eta erantzukizunik ez hartzeagatik udala”.
Hortaz, publifikazioa txalotu du sindikatu abertzaleak eta erabakia gainontzeko zerbitzuetara zabaltzea eskatu du, “bereziki prekarioen dauden zerbitzuetara, eraikin publikoen garbiketa zerbitzua, edota etxez etxeko laguntza, kasu”. Enpresari langileez arduratzea galdegin dio, “orain arteko baldintzetan birkokatuz langile hauek”, eta udalari berriz, interbentzioa egin dezala langile horiek orain arteko baldintzetan lanean segi dezaten.