lau gazteak auzitegi arruntean epaitzea eta espetxean dauden hirurak aske uztea eskatu du gehiengo sindikalak.
Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuela auzia salatzeko ehunka herritar bildu ziren manifestaziora hilabete hasieran.
Joan den martxoan Iruñean atxilotu zituzten Oreretako lau gazteak auzitegi arruntean epaitzea eta espetxean dauden hirurak aske uztea eskatu du gehiengo sindikalak. Oarso Bidasoko ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek elkartasuna adierazi diete atxilotuei, baita familia eta lagunarteari ere atxilotutako lagunetako hiruk (laugarrena adin txikikoa da eta atxilotu eta aske utzi zuten berehala) 100 egunetik gora espetxeratuta bete dituztenean.
Espainiako Auzitegi Nazionalak auzia bere gain hartzeak, beste behin ere, “alarma guztiak” pizten ditu sindikatuen esanetan, “zoritxarrez Euskal Herrian ohituta gaude auzitegi horren zigor gogorrak jasotzen”. Gertaerak “terrorismo ekintzak” ez direla gaineratu dute, “eta horrela kalifikatzea, bidegabea eta neurriz kanpokoa iruditzen zaigu gazte hauen etorkizuna Espainiako instituzio politiko honen eskuetan uztea”.
Gazteak preso edukitzeak gazteei beraiei zein horien familiei “alferrikako sufrimendua” besterik ez diela sortzen erantsi dute. Horrenbestez, gazteak aske uztea, eta auzitegi arruntean epaitu ditzatela eskatu dute, “Nafarroako auzitegian, hain zuzen ere”.