Saharako haurrak, Oiartzunen.
Saharatik etorritako bederatzi haur dira aurtengo uda Oiartzunen pasatuko dutenak. Zazpi familiaren etxean egongo dira, El Watanen antolaketa eta familien euren borondateari esker.
Pasa den igandean, bederatzi haur horiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan uda pasatzen ari diren gainontzeko haur sahararrekin egoteko parada izan zuten, Oiartzunen egindako Ongi Etorri Sahara festan. Jende andana elkartu zen Done Eztebe plaza eta inguruetan. Ekitaldi ugari egin zituzten igandean, eta bertara hurbildutakoek Saharako egoeraren berri jasotzeko aukera izan zuten.
Baina jaialdi horrek egun bakarra irauten du, eta Saharako haurrek bi hilabete pasatzen dute Euskal Herrian. Oiartzunen, Lur Kortaren familiaren etxean egonaldia egiten ari da Haibala ume sahararra. Hirugarren urtea da bertan pasatuko duela uda.
«Beti neukan buruan horrelako zerbait egitea. Urte hartan [2015ean] kanpaina bat egin zuten, familiak behar zituztela esanez. Abaraxka ludotekako mezu bat jaso nuen, eta informatuko nintzela esan nuen», gogorarazi du Kortak. Kalean entzun, eta elkarteak esan zionaren artekoa kontrastatu zituen, eta haur bat jaso zezaketen ala ez jakin ondoren, urratsa egitea erabaki zuten. Haur bakoitza hiru uda egon daiteke, gehienez, familia bakoitzarekin. Haibalak azken urtea du. Urtez urteko errepasoa egin du Kortak.
Lehenengoa, zailena
Jakinarazi duenez, lehenengo urtea izaten zen zailena. «Konturatu behar gara basamortutik etortzen direla, eta ohitura guztiak —guk beraienak, eta beraienak gureak— ezberdinak dira: komuna, igogailua…», nabarmendu du. Lehenengo urteko lehenengo eguneko bitxikeria bat du gogoan: «Igogailuan igo ginen etxera. Esan nion ‘goian gaude’, eta a zer aurpegia jarri zuen… Gauza horiek erakutsi behar zaizkie». Otorduetako ohitura ezberdina da, baina uste du hasieratik arauak-eta ongi jarriz gero, dena ongi joaten dela. Hori bai, txerri okelik ezin dute jan.
Bigarren urtea «
gozada» bezala deskribatzen du, eta hirugarrena, «
pasada bat» bezala. Hori bai, ez du ezkutatzen pena pixka bat sentitzen dutela. «Gaur bertan [asteazkenean] esan digute abuztuaren 24an itzuli behar duela. Azkeneko urtea izanda, plan ezberdinak egin nahi dituzu. Zentzu guztietan, zenbat eta gehiago, hobe».
Egunerokoari dagokionez, uztaila udalekuetan ematen dute bederatzi haur sahararrek. Horrez gain, urarekin lotutako planak izaten dira gehien egiten dituztenak. Korta: «Haibala etorri zenean, igerilekura joatea besterik ez zuen nahi. Basamortuan bizi dira, eta normala da. 24 ordu zeramatzan lo egin gabe, eta ‘piszina, piszina, piszina’ eskatzen zuen». Txantxetan esan du hiru plan mota egiten dituztela: errekara joatea, igerilekura joatea edo hondartzara joatea. Horrez gain, herrietako festetara joaten dira, eta irteerak ere egiten dituzte. Aurten, esaterako, Senda Vivara txangoa egingo dute Haibalarekin. Aurreko urteetan ere gainontzeko haur sahararrekin eta euren harrera familiekin ere planak egin ohi izan dituzte.
Hainbat laguntza jasotzen dituzte. Adibidez, Oiartzungo igerilekuetarako txartela dohainik jasotzen dute haurrek, eta beste hainbat tokitan sartzeko erraztasunak dituzte, Irungo Camelot jolas parkean, esaterako. Izan ere, bertako jabeek behin baino gehiagotan ekarri dituzte haurrak. «Baditugu horrelako gauzak, eta aprobetxatzen saiatzen gara», baietsi du Kortak.
Osasuna eta familia
Egonaldien beste arrazoietako bat da haurren osasuna hobetzeko aprobetxatzea. Horrela, medikuengana eramaten dituzte, azterketak egiteko asmoz. Harrera familiak datekin dantzan aritzen dira haurrak etorri baino lehenago. Korta: «Etortzeko data oso berandura arte ez digute esaten. Orduan, etortzeko data esaten digutenean, azterketa orokorra egiten diete: entzumena, ikusmena… Lehenbailehen egiten diete, baten batek zerbait baldin badauka, proba zehatzagoak egin behar dizkiote, eta espezialistarengana joan behar du. Bi hilabete segituan pasatzen dira». Berak, adibidez, apirilean eskatu zuen haginlariarentzako txanda.
Igandean Oiartzunen egin zuten Ongi Etorri Sahara jaialdia.
Eragozpen bat du, baina, bi hilabeteko egonaldiak. Sendagileek esaten diete zaila dela bi azterketa medikurekin dena detektatzea. «Askok idatzita ekartzen dute. Adibidez: ‘nire semeak pixa asko egiten du, begira ezazu’, edo ‘iruditzen zaigu ez duela ongi ikusten’. Gureari ez zaio gertatu, baina batzuei bai», esan du Kortak. Osakidetzako txartela jasotzen du haur bakoitzak. Gainera, okela, arraina eta fruta ahal bezain beste ematen saiatzen dira, «energia txute batekin» itzul daitezen.
Bestalde, Saharan utzi duten familiarekin harremana mantentzen dute, astean behin edo. Lagunekin ere Whatsappez aritzen dira, hiru egunez behin. «Saiatzen gara egun tarte horiek errespetatzen», azaldu du Kortak, «bestela haurrek ez dute deskonektatzen».
«Haluzinagarria»
Datorren urteari begira, haurrik oraindik ekarri ez duten familiei gonbita luzatu die Kortak: «Jendea animatu dadila. Esan dezaket haluzinagarria dela. Pila bat ikasten duzu, asko ematen dute. Momentu gogorrak pasatzen dira, bai, baina edozein haurrekin bezala. Ematen dizuna ezin da konparatu».
Dei berezia egin die beren buruari «‘egingo nuke’» esan diotenei. Pixka bat informatzeko eskatu die, eta proba dezatela. Esan duenez, lehenengo urteko esperientzia ez bada ongi ateratzen, ez dela deus ere gertatzen jakinarazi du, elkartearekin hitz egin daitekeelako. El Watanen babesa etengabea dela nabarmendu du —itzultzaile bat dute—, eta familien artean elkarri asko laguntzen diote. Edozer gauza, behar handiagoa dutenei laguntzeko.