Ordu batzuk baino ez dira falta txupinaren eztandarekin batera jai giroa nagusitzeko. Bost egun eta 165 ekintzatik gora aukeran, herritik eta herriarentzat sortutako jai egitarauaren barruan.

Irudia hau errepikatuko da gaur 19:00etan.
Txupinaren eztanda entzuteko ordu batzuk baino ez dira falta. Zazpietan izango da hori, eta Oinez proiektuko kide diren Amaia Urdanpilleta eta Joxin Arregi izango dira Madalen Jaiei hasiera emateko arduradunak. Txupinaren eztanda eta Zentenarioa pasodoblea, dena bat izango dira, Herriko plaza jai giroz beteko da, Txunpa, txunpa,txunpa… EMKEren musika bandaren doinuen konpasean. Jai giroa nagusi, aldarrikapenak ere izango du tartea urtero ohi duen moduan plazan bertan zein herriko gainontzeko kaleetan. Ausartenek lehen lerroa hartuko dute saltoka eta abesten hasteko prest, izan ere, Zentenarioa-ren doinuak ez du inor uzten indiferente.
Aurten ere, hiru txupinazo izango dituzte herritarrek aukeran, eta txupinazoa jarraitu bai baina modu lasaian egin nahi dutenek, Zumardian izango dute aukera pantaila erraldoian zuzenean jarraitzeko, edota herribizia.errenteria.eus webgunean. Txikienek, Mila Koloretako Txupinazo Txikia izango dute Koldo Mitxelena plazan; gazteek berriz, Holi txupinazoa eta Holi Festa, ondoren, Gernika plazan. Arrakastatsuak izan ziren biak ala biak iaz, eta gaur ere ziur hala izango direla.
Aurretik bost egun, 165 ekintzatik gora eta 20 kontzertu baino gehiago, tartean, Kenzazpi, Willis Drumond, La Basu, Roba Estesa, Mojinos Escocios eta Ruper Ordorika. Eskaintza zabala, publiko eta gustu guztientzat.
Herri bazkaria, aurretik
Azken urteetako filosofiari jarraituta, aurtengoak ere herritik eta herriarentzat egindako madalenak izango dira. Hala nabarmendu du Jai Batzordeak: «Auzolanean eta ilusioz osatutako jai egitaraua prestatu dugu».
Jai parte hartzaile horiek, berdinzaleago egin nahi dituzte orain, eta horri begira hausnarketa prozesua zabaldu berri dute Oarsoaldeko lau udalerriek.
Jaiak eztanda egin aurretik, motorrak berotzen joateko herri bazkaria egingo dute gaur. Herriko plazan bilduko dira horretarako 14:00etatik aurrera. Aurten ere ez da faltako bertan jai giroa.