Igandean (irailaren 3an) hasiko da Enrique Abril Errebote Txapelketa.
Beheko plazan, aurreko urte bateko Enrike Abrilen partida.
Igandean (irailaren 3an) hasiko da Enrique Abril Errebote Txapelketa. Horrekin batera hasiko da Gipuzkoako lehiaketa ofizialen 2017-18 denboraldia. Txost Oiartzungo Pilota Kirol Klubak parte hartuko du txapelketan, eta finala bertan jokatuko da, Oiartzungo plazan, dena ondo bidean, urriaren 8an.
Oiartzuarrekin batera beste hiru talde lehiatuko dira errebote txapelketan, Behar Zana (Villabona), Zubieta (Zubieta) eta Luzean (Donibane Lohizune).
Itzuli bateko ligaxka jokatuko dute lehenik lau taldeek, denek denen aurka, irailaren 3tik 24ra bitartean. Partida horiek guztiak, Oiartzun, Villabona eta Zubietako plazetan jokatuko dituzte. Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute urriaren 1ean, eguraldiak txapelketaren martxa baldintzatzen ez badu. Finala Oiartzungo plazan jokatuko da, urriaren 8an. Bigarrenaren eta hirugarrenaren arteko lehiatik irabazle ateratzen denak, ligaxkako lehenaren kontra jokatuko du finala.
Gipuzkoako Pilota Federazioa 1963an hasi zen errebote txapelketa antolatzen. Enrique Abril pilotari eta dibulgatzailearen izenarekin, berriz, 1975etik jokatzen da. Gipuzkoan errebotea gorde den plazetan jokatzen da txapelketa: Donostiako Zubietan eta Villabonan soilik jokatu izan da urte luzez; gerora, Oiartzunen ere jokatzen hasi ziren.
Aurtengoa, berrogeita hamalaugarren aldia izango du errebote txapelketak.