Larunbatean hasita, hiru larunbatez kontzertuak antolatu dituzte herriko beste hainbeste auzotan Atlantikaldia girotzen hasteko.
Collar, Mendoza eta Landa Atlantikaldiaren aurkezpenean pasa den ekainean.
Atlantikaldiaren laugarren aldia heltzeko hilabete eskas falta denean, haren aperitibo gisa, Topa Musikalak antolatu dituzte. Motorrak berotzen hasteko jarri dute martxan iniziatiba, eta horren barruan, herriko hiru auzotan beste hainbeste kontzertu antolatu dituzte. Lehena, larunbatean izango da. Fanderiako Dolores Ibarruri zumardian Undercover taldea arituko da.
Irailaren 9an izango da hurrengo kontzertua, Kaputxinoak auzoko Basanoaga kalean Lemon&Twist taldearekin. Hirugarrena eta azkena, irailaren 16an antolatu dute Beraungo Aita Donostia kalean, eta Filipe Bittencourt & Naldo Gomes arituko dira. Brasildar erritmoak jarriko dituzte azken horiek.
Adituek diotenez, aperitibo on batek gosea piztu behar du. Atlantikaldiak ez du horren behar handirik, eskaintza musikal oparo eta goi mailakoarekin datorrelako laugarrenez, baina ziur Topa Musikalak, ere halakoak izango direla. Kontzertu guztiak 12:30ean izango dira.