San Juanen bi ontziak eta Hibaikako emakumeena, Kontxan
Kontxan Oarso Bidasoko lau traineru izango dira. Datozen bi igandetan, bi banderak irabazteko hautagai sendoak bertako taldeak.
Sartzea. Kontxan egotea zen gaurko helburua. Urteko bandera garrantzitsuenaren bila joateko bi estropadetan egotea. Hamalau plaza jokoan, eta horietatik lau Oarso Bidasoko traineruentzat izan dira. Legez irabazitakoak gainera. Itsasoa, ez oso mugitua —badiaren kanpoaldean gehiago—, eta eguraldia aproposa, epela. Baldintza onak arraunerako atzo Gipuzkoako hiriburuan. Emakumeetan San Juan eta Hibaika, eta gizonetan Hondarribia eta San Juan. horiek Kontxako bi banderen bila joango diren bertako traineruak. Baina zoritxarrez, gizonen zazpigarren eta azken postua San Juan eta San Pedroren arteko lehian egon da; txanpona arrosen alde atera da. Badiaren alde batean poza, eta bestean, azken urteetan gertatu bezala, amorrua. Amorru isila. Pena. Kontxarako lehen sailkapen estropada emakumeenak izan da. Kiniela guztietan San Juan eta Hibaika zeuden Kontxaren bila joateko zazpikoaren barruan. Eta ez dute hutsik egin. Sasoi osoan egin bezala, nagusitasunez ibili dira Madalen ontzikoak eta Batelerak Donostiako uretan. Ziabogan, lehen erreferentzia puntu garbian, jada San Juan lehena zen, Hibaika bigarrena. Lau segundo bien artean. Helmugarako bidean, poparean, olatu eta olatu artean, San Juanek errenteriarrekiko aldea pixka bat handitu du, baina ziabogako denborak jakinda, ez dute gehiegi estutu azken paladetan. Helburua beteta zuten: Kontxan zeuden. Pozik, tramitea eginda. San Juan, San Pedro… Gizonetan, jakina zen Hondarribiak ez zuela estuasunik izango Kontxan egoteko. Hala izan da, lasai asko atera dira arraun egitera, eta bigarren izan dira berdeak sailkapen nagusian. Ziabogan ere bigarren izan dira Mikel Orbañanosek entrenatzen dituenak. Datozen bi igandeetan urteko bandera handiena irabazteko hautagaien artean, sendoenetakoa da Hondarribia. Borroka nagusiena zazpigarren postua lortzekoa izan da. Eta zoritxarrez, bi pasaitar izan dira lehia horretan, Caborekin batera. Azkenean, segundo eta hamar ehunekoren aldearekin, San Juanek eskuratu du zazpigarren postu hori, txanpona euren alde atera da; baina zorigaitza San Pedron. «Estropada ona egin dugu. Norbaitek izan behar du zortzigarren. Gu izan gara. Pena handia izan da», esan du Joxe Manuel Oiarbide sanpedrotarren ordezkariak sailkapen estropada bukatu eta berehala. Pena, bai. Eta alde batean pena zena, bestean ospakizuna. A ze besarkadak eman dizkiote elkarri arraunlari sanjuandarrek, jakin dutenean Kontxaren barruan zeudela, a ze poztasun oihuak! Hibaikako gizonak, bere aldetik, egunaz gozatzera atera dira estropadan. Hala egin ohi dute urtero, eta gaur ere hala izan da. Igoerako play-offean dute burua errenteriarrek.