#KONTXA1917 kultura proiektuaren barruan orain 100 urteko Kontxako Estropadari buruzko erakusketa jarri dute. Urte hartan San Pedrok lortu zuen garaipena.
1917ko Kontxako estropada.
Untzi Museoak eta Aquariumek martxan jarri dute #KONTXA1917 izeneko kultura proiektua. Orain 100 urteko Kontxako Estropadari buruzko erakusketa jarri dute irailaren 10 arte Donostiako Untzi museoan. Urte hartan San Pedrok lortu zuen garaipena.
#KONTXA1917 egitasmoaren bitartez estropaden ondare kultural zein historikoa berreskuratu nahi dute Donostiako portuko bi museoek, zehazki, Untzi museoak eta Aquariumek. Ondarearen balioa eta balio etnografikoa erakutsi nahi dute. Horren parte izango da urte hartako bandera, San Pedroko traineruak 1917ko irailaren 16an irabazitakoa. Haren tamaina bereko erreprodukzioa egin dute eta hura zein jatorrizko bandera erakutsiko dituzte. Sanpedrotarra Arraun Elkartearen laguntzari esker lortu da hau.
Era berea, irailaren 8rako mahai-ingurua antolatu dute: “Ziaboga, pasioa eta bizitza arraunaren alde”. Joseba Bontiguik eta Ibon Gaztañazpik parte hartuko dute, besteak beste. 19:00etan izango da Aquariumeko auditorioan eta sarrera librea izango da lekua bete arte.