Independentziaren alde egindako mobilizazioa, Bartzelonan.
Puri-purian dago Kataluniako
proces-a. Urriaren 1ean hauteslekuak betetzeko deia egin dute, Katalunia estatu independente izan ala ez erabakitzeko. Prozesu horri babesa emateko, Gure Esku Dagok manifestazioa egingo du Bilbon, hilaren 16an, 17:30ean. “Begirunea eta errespetua” adierazi nahi diete ekitaldi horrekin. “Mobilizazioa herritarra, anitza eta bateratzailea izango da, eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden sektore guztiak barnebiltzeko borondatea du”, esan du Gure Esku Dagok.
Kataluniarren ahaleginak euskal herritarren babesa eta beroa merezi duela uste dute. “Erreferendumak posible izan behar du. Gure babesak balio behar du zigor bidea eta neurri errepresiboak alde batera geldi daitezen. Auzi politikoetan ez dute tokirik”, gaineratu dute.
Horregatik, uste dute urriaren 1ean demokrazia dagoela jokoan, baita botoa emateko askatasuna eta herritar guztien duintasuna ere. “Mobilizatu beharra daukagu funtsezko askatasunen defentsan, mobilizatu behar dugu katalanek bozkatu ahal dezaten, gure bozkatzeko askatasuna ere jokoan dagoelako”, esan dute.
Oiartzunen manifestazio horretara joateko deialdia egingo dute bihar arratsaldean. Argazki jendetsua atera nahi dute, Demoarsok antolatuta. Zita 19:00etan izango da, Done Eztebe parrokia eta Donibane kalea lotzen dituen harmailetan.
Manifestaziora joateko autobusa 15:30ean aterako da, ikastolako aparkalekutik. Zerrendak Amazkar tabernan eta Garmendi txokolategian daude. Langileek hamar euro ordaindu beharko dute, eta ikasle eta langabetuek, berriz, zortzi.