Bertsolariek ez dute hutsik egiten.
Laugarren urtez jarraian, Elizalde Herri Eskolak “kategoriko” bertso saioa antolatu dute. Urriaren 7an izango da, ikastetxean bertan, bazkari batekin batera. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako azkeneko sei ekitaldietan gailendu diren hiru bertsolariak izango dira Oiartzunen: Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio. Gainera, anfitrioi lanetan, Ander Lizarralde ariko da. 13:30ean hasiko da bertso bazkaria.
Bazkarira joan nahi duenak, Elizalde Herri Eskolan bertan, Elorsoro kiroldegian, eta Kabitxo eta Amazkar tabernan erosi beharko du txartela. Adinaren arabera ezarri dituzte prezioak. Horrela, helduek hogei euro ordaindu beharko dituzte, gazteek hamabi eta haurrek, bost. Bazkariaren ondoren, haurrentzako ekintzak egingo dituzte.
Bertso bazkaria antolatzeko, Oiartzungo Bertso Eskolaren eta udalaren laguntza jaso dute.