Txirrindularitzaren kultura sustatzeko
Laguntasuna Txirrindularitza Elkarteak Txomin Perurena txirrindulari ohiaren silueta jarri du euren egoitzaren kanpoaldean
Hiru etapa falta dira Espainiako Itzulia bukatzeko. Hiru asteko txirrindularitza itzulietan azkena da. Denboraldiaren bukaera ate joka dagoen seinale.
Errenteria-Oreretako Laguntasuna Txirrindulari Elkartekoak, baina, ez daude burumakur. Txirrindularitza sustatze aldera, erakusketa xume antolatu dute euren klubaren egoitzan (Gabierrotako gasolindegi zaharra). Helburua, Txomin Perurena (Oiartzun, 1943) txirrindulari ohia omentzea. Oiartzuarrak 1975eko Espainiako Itzuliko azkeneko etapan galdu zuen maillot horia. Hala ere, palmares izugarria bildu zuen. Guztira, 158 garaipen poltsikoratu zituen.
Perurenari aitortza egiteko ideiaren jatorria azaldu du Alberto Monroyk. Luis Otaño txirrindulari ohi errenteriarra omendu zuten iaz, Frantziako Tourrean etapa lortu zuela mende erdia bete zenean. «Otañoren omenaldia prestatu genuenean», gogorarazi du, «berarekin korri egin zuten txirrindulari batzuei buruzko zerbait egitea pentsatu genuen». Perurenak ez du meritu makala: Espainiako Estatuan errepidean garaipen gehien lortu dituen txirrindularia da. «Gainera, oraindik aktibo dagoela esan daiteke: zutabe bat idazten du, irratian ere aritzen da…». Perurena izaera bereziko pertsona dela ere azaldu du:?«Peru nahiko tipo herrikoia izan da. Lanetik ateratzen zenean, jendeak ikusten zuen. Oso xaloa da. Baina historiaren parte da:?izan zituen garaipenez gain, Tarangu Fuentesekin ibili zen, eta Luis Ocañarekin [1975eko Frantziako Tourraren irabazlea] logela partekatu zuen».
Laguntasunako Niko Santestebanek bere udalerrira hurbildu du Perurena: «Bere hastapenetako taldeetako bat Touring-Caobania izan zen. Pedro Matxain izan zen talde haren zuzendaria».
Nabarmendu dutenez, Oarsoaldea nahiko emankorra izan da txirrindulariei dagokienez. Matxain, Perurena eta Otañoz gain, Jose Manuel eta Miguel Mari Lasa anaiak edo Julian Andiano bezalako txirrindulariak eman ditu. Santesteban: «Otañorekin hasi ginen. Orain Txomini aitortza egin diogu. Gero etorriko dira, segur aski, gainontzekoak. Ezkontza bat bezalakoa da: gonbidatzen hasten zara eta ez dugu bukatzen».
Saretuta
Erakusketa oso xumea da: Perurenaren silueta bat dago, Touring-Caobanian zegoenekoa. Horrez gain, Urtekaria aldizkariak berari buruzko monografikoa argitaratu zuenekoaren fotokopiak irakur daitezke: bere palmares osoa ikus daiteke bertan, txirrindulari izan zeneko garaien analisia, zuzendari izan zenekoarena… Perurenaren bizitzaren ertzak ongi baino hobeto jorratu zituzten Urtekaria hartan.
Eskuratzea, baina, zaila egin zitzaien. Aldizkaria argitaratzen duen enpresari deitu zioten, baina zenbakia agortuta zutela erantzun zieten (Perurenari buruzkoa da agortuta dagoen zenbaki bakarra). Monroy: «Horrelakoak egiteko materiala pasatzen digun jendea ingurukoa da. Hondarribikoa da Urtekaria pasatu diguna, Xenpelar Etxean jarri genuen erakusketa bat bisitatu zuen, eta horrela sortu zen harremana. Bagenekien Urtekaria-ren bilduma osoa zuela, eta Perurenarena egiteko beregana jo genuen». Nabarmendu dutenez, badira etxean artxibo ederra pilatzen dutenak, eta klubari eman nahi diotenak. Hala ere, Laguntasunak horiek gordetzeko espazio falta duela esan dute.
Ez da uda honetan Perurenari egin dioten aitortza bakarra izan. Lasa anaiekin batera, Oiartzungo xanistebanetako txupinazoa botatzeko ardura izan zuen. Gainera, abuztuaren 1eko kultur ekitaldian omendu zuten, eta bere garaikur eta txirrindularitza materialarekin erakusketa antolatu zuten.
Kultura sustatu
Laguntasunaren helburua txirrindularitzaren kultura sustatzea da. Bi hilabetean behin gasolindegia gai berri batekin apaintzeko asmoa dute. «Jendea gasolindegi zaharretik pasatzen denean, ‘hara zer dagoen hemen!’ esatea nahi dugu. Kolorea ematen dio txokoari», esan du Monroyk. Santestebanek zehaztu duenez, kluba herriari zabaldu nahi diote, eta nahi dituzten ekarpenak egin ditzakete. Gainera, erreferente ere izan nahi dute; horregatik jarri zuten gurpilak puzteko makina.
Pixkanaka, euren baliabideekin, herria girotu nahi dute. Santestebanek badu eredua: «Abuztuaren azkeneko asteburuan, ziklismo egunak egiten dituzte Plouayn [Bretainia]. Proba asko daude, hainbat kategoria eta modalitatekoak. Herria erabat iraultzen da txirrindularitzarekin. Komikigile bat dago bertan, eta herriko denda eta tabernetarako marrazkiak egiten ditu, negozioak eta txirrindularitza lotuz».
Emakumeen Bira Errenteria-Oreretan bukatu zenean horrelako giroa sumatu zuten, eta herriaren erantzuna eskertzen dute. Bide horretan jarraitu nahi dute, errepidean ez bezala, txirrindularitzaren kulturaren helmuga gero eta urrutiago uzten.