Esklerosi anizkoitza duten 750 lagun dira Gipuzkoan. Gaixotasunaren gainean sentsibilizatu, eta dirua biltzeko ekitaldi solidarioa antolatu dute.
Ugartemendia, Barriola, Collar eta Lore gaurko agerraldian.
Esklerosi anizkoitza duten 750 lagun dira Gipuzkoan. Espainiako Estatuan, bost ordutik behin kasu berri bat diagnostikatzen da. Mila aurpegiko gaixotasuna deitzen diote gazte helduei eragiten dien eta kronikoa den gaitzari, eta horren gainean sentsibilizatu, eta gaixoek errehabilitazioa egiteko dirua biltzeko ekitaldi solidarioa antolatu dute Errenteria-Oreretan
ADEMGI elkarteak,
Katxiporretak eta Errenteriako Udalak elkarlanean.
Jon Collar Kultura zinegotziak, Jon Barriola ADEMGI elkarteko gizarte langileak, eta Aitziber Ugartemendia Katxiporretako ordezkariak gaur aurkeztu dute hilaren 17an, igandea, Pupu eta Lore pailazoek egingo duten
Haizearen herrira ikuskizuna. Bi saio egingo dituzte, 11:00etan eta 12:30ean, 400 lagunentzat bakoitza.
Ekitaldi solidarioa antolatzeagatik eskerrak eman ditu Collarrek udalaren izenean: “Askotan erakundeak iristen ez garen lekuetara heltzen diren eragileak daudelako. Guk hauspotu, lagundu egin behar dugu ibilbide horretan”. Elkarlanean urteak daramatela gaineratu du C0llarrek, “hitzordu garrantzitsua da”.
Ekitaldiaren helburuez eta gaixotasunaz mintzatu da Barriola.Halako ekitaldiak “garrantzitsuak” direla esan du ADEMGIko ordezkariak, gizartea sentsibilizatzeko eta esklerosi anizkoitza zer den azaltzeko, eta “oso beharrezkoak” diren finantziazioak lortzeko. Esklerosi anizkoitza bereziki gazte helduei eragiten dien gaixotasun neurologikoa da, kronikoa eta progresiboa da: “gaixotasun hau duten lagunek bizitza osoan zehar zaintza batzuk behar dituzte, eta horretarako oso garrantzitsuak dira guk eskaintzen ditugun zerbitzuak, batez ere errehabilitazioa, beraien autonomia ahalik eta gehien mantentzen laguntzeko. Ekitaldi hau, zehazki, errehabilitazio zerbitzu hori finantzatzeko antolatu dugu”.
Eskerrak eman dizkie Katxiporretari eta udalari, “beraiek gabe oso zaila litzatekeelako halakoak antolatzea”.
Ugartemendiak ikuskizunaren nondik norakoak kontatu ditu. Manolo Urbieta zenaren abestietan du abiapuntua ikuskizunak, “Gure pailazo taldeak orain 25 urte grabatu zuen lehenengo diskoa Manolo Urbietaren abestiekin eta orain, bere azken urteetan sortutako abestiekin sortu dugu Pupu eta Loreren diskoa. Aiton-amonak eta bilobak elkarrekin dantzan, jolasean, abesten jartzea du helburu. Erreferente eta eredu izan da guretzat Urbieta”.
Lore pailazoa ere izan da agerraldian, eta herritar guziak gonbidatu ditu emanaldi solidarioarekin bat egitera. Gonbidapen bera egin dute Barriolak, Collarrek eta Ugartemendiak, “helburua da bi saioak betetzea, esklerosi anizkoitza dutenak laguntzeko”.
Sarrerak 6 euroan daude salgai Niessen kulturgunean eta Xenpelar Kultur dendan.