Uda ez da oraindik bukatu. Bai, ordea, Oiartzungo udako igerilekuaren sasoia. Pasa den igandean itxi zuten, eta erabiltzaileek 2018ra arte itxaron beharko dute berriro erabiltzeko.
Denboraldia pasata, balantzearen txanda izan ohi da. Horrela, Oiartzungo Udalak udako igerilekuaren aurtengo datuen berri eman du. Ekainaren 10etik irailaren 10era arte, 22.408 erabiltzaile izan ditu. Horietako erabiltzaile gehienak (%87,42) Elorsoro kiroldegiko bazkide dira.
Uda ez da oso eskuzabala izan, eguraldiari dagokionez. Horren ondorioz, ekaina eta iraila bitartean, zazpi egunez itxita egon da udako igerilekua. Beste bost egunetan, berriz, arratsaldez itxi behar izan dute.
Orain Elorsoroko igerileku estalira joan beharko dute erabiltzaileek.
Pasa den asteko astelehenean, hilak 4, ireki zuten, obrak egin ondoren.