EHUko udako ikastaro bat bukatu da gaur Oiartzunen; 1936ko Gerran herrian gertatu zena bertatik bertara jakiteko aukera izan dute
Joxe Kruz Ezeiza ‘Kaxka’, azalpenak ematen.
Ez ohiko publikoarekin bete da Oiartzungo pleno aretoa. Antropologoak, juristak, Kriminologiaren Euskal Institutuko kideak… EHUren Udako Ikastaroen saio bat egin dute Oiartzunen. Zehazki, Paco Etxeberria eta Laura Pegok zuzendutako
Violencia masiva, fosas comunes y derechos humanos. Perspectivas desde las ciencias forenses y sociales ikastaroa.
Asteazkenean hasi zen, eta gaur bukatu da, Oiartzunen egin duten saioarekin. Etxeberriak azaldu duenez, unibertsitateak ez du bakarrik jakintza sortu behar, inguruan dagoenari ere erreparatu behar dio. Memoria historikoa izan da ikastaroaren ardatza, eta azken eskola Oiartzunen ematea erabaki zuten. “Memoria duen tokia da Oiartzun”, zehaztu du Etxeberriak. Donostiako Miramar jauregian emandako eskoletan, arlo juridikoa jorratu dute gehiago. Oiartzunen, berriz, 1936ko Gerran gertatutakoa (edo gertatu zenaz jakin dena) bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute ikastaroko parte hartzaileek.
Etxeberriak, gerra hartakoaz gain, Esteban Muruetagoienaren heriotza ere aipatu du, erreparatuta ez dagoen kasu bezala.
Datuak
Jexux Leonet alkateak harrera egin die. Azaldu duenez, beldurrak orduan gertatutakoa lurperatu zuen, eta egia jakitearen beharra aldarrikatu du. Ondoren, 1936ko Gerrak Oiartzunen eragindako kalteen berri —zenbakiz konta daitezkeenak, behintzat— eman du.
Gipuzkoako lehen herri okupatua izan zen Oiartzun. Orduan, 5.200 biztanle inguru zituen, eta horietako 250 atxilotu zituzten bi hilabetetan. Pikoketan hamahiru miliziano fusilatu zituzten, eta Oiartzungo kanposantuan beste 110 pertsona. Gainera, Iragorriko hobi komuna (Katin Txiki izenez ere ezaguna) aipatu du alkateak, baita oraindik aurkitu gabe dauden beste hainbat ere.
Gerra bukatzearekin, baina ez ziren kalteak bukatu. 4.500
trabajadore aritu ziren errepideak egiten, esklabo gisa. Abertzaleen kontrako jazarpena eta emakumeen umiliazioa ere eman ziren gerra ondorengo urteetan. Udalak egia, justizia eta erreparazioa bilatzen duela berretsi du, eta Katin Txiki elkarteak egiten duen lana goraipatu du Leonetek, baita Etxeberriak berak egiten duena ere.
Katin Txikiren sorrera
Jon Gaztelumendi Katin Txiki elkarteko kideak hartu du hitza jarraian. Bere aitona desagerrarazi zutela azaldu du. Antzeko egoeran zeuden pertsonak, baita ere memoria berreskuratzeko interesa zuten pertsonak bilduta sortu zuten Katin Txiki elkartea. Pixkanaka arakatzen joan ziren, eta horrela topatu zuten Katin Txikiko hobia.
Hainbat testigantzarekin bideoa osatu zuten, eta artxiboetan zegoen informazio argitaratu gabea publikatu zuten, memoria historikoa dibulgatzeko asmoz. Egia jakiteko tresna bezala definitu ditu. Egiaz gain, aitortza eta justizia ere eskatu ditu Gaztelumendik. Proiektu berrietan lanean ari direla jakinarazi du: hezkuntzan lanean hasi dira, eta puntu ilunen ibilbide bat egin nahi dute.
Bisitak
Udaletxeko ekitaldiaren ondoren, kanposantura abiatu dira. Katin Txikiko Joxe Kruz Ezeiza
Kaxka-k han jazotako errepresioaren berri eman die. Peña Gantxegiren eskultura dagoen hobia zabaldu dute, hezurrak erakusteko. Etxeberriak galderak egin dizkie ikastaroko parte hartzaileei, bakoitzak bere arlotik erantzun zezan. Bando faxistan borrokan ari zirela hildako oiartzuarren zerrenda ere ikusteko aukera izan dute.
Autobusa berriro hartu, eta Iragorri aldera abiatu dira, Katin Txikiko hobia ikustera. Han egindako deshobiratze eta lanak azaldu dizkie Joxean Mitxelenak. Bukatzeko, Karrikako Artaso elkartean afari-merienda izan dute, ikastaroa modu onean bukatzeko.