Ikor Kotx argazkigileak ‘Paotsa!. Ikorkotx lagunen begietan’ liburua argitaratu du. 80 argazkik beste hainbeste kolaboratzaileri iradokitzen diotena bildu ditu bertan.
[Egilea: Ikor Kotx].
Denbora gelditzeko ahalmena duen modalitate bakarra da argazkigintzarena. Ikor Kotxek —artistikoa da izena— hamarkada batzuk badaramatza denboraren tenperatura zero azpitik jartzen.
Ibilbide luzean milaka argazki egin ditu, eta azken bost urteetan egin dituenekin (batzuekin) liburua argitaratu du:
Paotsa!. Orain dela bost urte hasi zen liburua mamitzen, nahiz eta hasierako asmoa ez zen hori. Ikor Kotx: «Otsailean bost urte bete nituen sare sozialetan argazkiak publikatzen hasi nintzenetik. Inongo erronka eta anbiziorik gabe hasi nintzen publikatzen. Argazkilaria naiz, eta konturatu nintzen nire argazki askok ez zutela tokirik aurkitzen jendearengana iristeko». Gainera, diziplina bat ezarri nahi zion bere buruari, eta ezarritako diziplina horren barruan, argazki horiek txuribeltzera pasatzeko lana hartuko zuela erabaki zuen. Eta zuriaren eta beltzaren arteko eskalak argitutako argazkiak sare sozialetara igoko zituela.
[Egilea: Ikor Kotx].
Azaldu duenez, bost urte pasatu ondoren, konturatu zen sare sozialetara igotako argazki horiek biltzeko garaia iritsi zela. «Bide horretan bidelagun izan den jendearekin zerbait egin nahi nuen. Orduan, nire komunitate horretan zegoen jende bati —marrazten zuena, idazten zuena eta abar— eskatu nion zerbait sortzeko, argazki batean oinarrituta». Kuriositate bezala, eskulturgile batek eskultura bat egin zuen, eta horren argazkia sartu dute liburuan. Berdin sukaldari baten platerarekin.
‘Paotsa!’. Egilea: Goretti Aranburu Epelde.
Sormenari hegalak
Ez zuen deialdi irekia egiteko asmorik. «Agian argazkilari asko egon zitezkeen kolaboratzeko prest, baina zerbait orekatua nahi nuen», azaldu du. Banan-banan hasi zen komunitate kideak gonbidatzen, eta erantzuna «
flipantea» izan zela esan du.
«Planteamendua erraza zen», gogorarazi du Kotxek, «eskatzen nien bost urte horietan argitaratu ditudan 1.200 argazki inguru horietatik bat aukeratzea, nahi zutena; eta hori oinarri hartuta, eurek beste sorkuntza bat sortu behar zuten». Gonbidatuen zerrenda mugatu behar izan zuen, 80ra, 160 orrialdeko liburua sortzeko. Baten batek argazkia errepikatu duela esan du, baina lehena eskatu zionari egokitu zion.
Askotariko sorkuntzak jaso ditu, eta batzuengandik zer jasoko zuen ez zuen argi: «Lander Garrok testu bat edo argazki bat bidal zezakeen; Fermin Muguruzarekin ere, antzeko; bertsolariak… Badago eremu askotan ibiltzen den jendea». Ezustekoak ere jaso ditu. Adibidez, Tasio
Gara-ko marrazkilariarekin. Marrazki bat beharrean, argazkiekin egindako collage-a igorri zion Kotxi. Baldintza bakarra jarri zien idatzi behar zutenei: beren ekarpenak 2.500 karaktere ez gainditzea.
Paotsa, s-rekin?
Kliskagailuarekin eta objektiboarekin jolastu ez ezik, liburuaren izenburuarekin ere hitz jokoa egin du. «Pagotxarekin,
x hizkia duenarekin», esan du, «nolabait adierazi nahi nuen bost urte hauetan zein zortea izan dudan horrelako jendeak inguratuta egoteko. Jarraitzera animatu naute, gainera. Horrez gain, liburuan parte hartzeko gonbidapenek jasotako erantzunarekin zein zorteko sentitu naizen azaleratu nahi nuen».
S hizkia daraman hitzaren zentzua azaltzeko, jasotako maitasunera jo du. «Pa-ren soinua [musuarena] adierazi nahi nuen. Lizentzia txiki bat hartu dut, eta
s-rekin idatzi dut liburuaren izenburua», zehaztu du.
[Egilea: Xabier Sagasta]
Ekainean argitaratu zuen liburua, baina lehenago kaleratzea zen helburua. «Atzeratu egin da prozesua. Dena nik koordinatu behar izan dut. Gainera, kolaboratzaileek lana musu-truk egin dutenez, ezin diezu ezer exijitu». Prozesua oso motela izan dela jakinarazi du, bakoitzari planteamendua zehatz mehatz azaldu behar izan dio.
Liburuari zatitxo bat falta zaio. Ion Arretxe errenteriarraren ekarpena, hain zuzen ere. «Parte hartzeko gonbidapena luzatu nion. Esan zidan ospitalean zegoela, baina bai ala bai parte hartuko zuela. ‘Bi aste utziko dizkizut’, esan nion. Argazkia aukeratu zuen, baina azkenean zer idatziko zuen jakin gabe geratuko gara…». Martxoaren 18an hil zen, bizi zen hirian, Madrilen.
Esperimentazioa sarean
Kotxek baietsi du sare sozialak oso modu esperimentalean bizi dituela: argazki batzuek beste batzuek baino atsegite gehiago zergatik lortzen duten ulertu nahi du, baita ere argazki bat zergatik gustatzen zaion pertsona bakoitzari. Gainera, bost axola dio atsegiteen kopuruak: «Garrantzitsuagoa da argazki batek atsegite gutxi jasotzen dituenean. Batzuk egunero ematen dutenak dira, baina beste batzuk ez. Horregatik, jakin nahi izaten dut automatiko egiten duen horrek zergatik egiten duen. Egun batean argazki batek 100 boto jasotzen baditu, eta beste batek hogei, badaude 80 pertsona esan dutenak ‘Honek merezi du eta botoa emango diot’».
Esperimentazio horretan, gustuko du bere komunitateko kideek argazki bat zergatik aukeratzen duten sumatzea. «Konpromiso batean jartzen ditut», gaineratu du, «eta nire gustuko argazki batzuk kanpoan geratu dira, baina beno, nik jarritako arauak dira eta pozik nago».
Argazkiak sare sozialetara igotzeko maiztasuna ez da zurruna izan, baina bost urteetan 1.200 argazki inguru igo ditu. Atera kontuak. Ziurtatu du egunero daudela argazkiak ateratzeko motiboak, beti dagoela merezi duen zerbait. Iraila hasiera hau nahiko mamitsua izan da, bere argazki kamerako memoria txartelari bazka dezente emateko modukoa. «Hondarribiko Alardean, Zarauzko Euskal Jaietan eta Kontxako estropadan egon naiz. Hor atera ditudan argazki guztiak publikatzeko denborarik ez dut izango. Egun batzuetan ez dago ezer ere ez, hori egia da, eta egun horietarako gordeko ditut».
Nabarmendu du askatasun osoarekin planteatu duela argazkiak egitearena. «Egunero egin behar izango banu, erotuko nintzateke», ziurtatu du. «Hori bai, konturatu naiz jendeak nire argazki bat espero duela. Errutina bat sortzen da. Oporretara banoa, esaten diet hamabost egunetan-edo ez dela argazkirik egongo». Ikor Kotx txuribeltzeko argazkiekin lotzen dutela esan du, baina tarteka koloretako argazkiak sartzen dituela aipatu du, horretarako libre baita.
Ikor Kotxen komunitateko kideek liburuko argazki guztiak ezagun dituzte. Beste erdia —kolaboratzaileek sortutakoa—?ezezaguna da. Hala ere,
Paotsa!-n badaude koloretako argazkiak, estreinakoz publikatu direnak. «Enkasillatzea ez dut gustuko».
Fotokazetaritza egiten du, baina ez du bizitza sozial edota politikora mugatu nahi: «Futbol partida bateko argazkia sar dezaket, edo norbaiten erretratoa… beste erregistro batzuk ere sartu ditut. Oso eremu zabala da fotokazetaritzarena: pilota partida bateko argazkiak egiten egon zaitezke, eta hurrengo lana pintxo lehiaketa batena izan daiteke».
Hirugarren liburua du
Paotsa!. 2006an
Rock&Klik! liburua osatu zuen, 1989 eta 2006 urteen artean kontzertuetan egindako argazkiekin. 2010ean atera zuen bigarrena:
Joan Festara. 2009an Hernaniko sanjoanetan ateratako 300etik gora argazki daude bertan. «Argazkiak ardoa bezalakoa dira, urteekin irabazi egiten dute. Badago jendea txaranga batean ibiltzen zena, eta jada hil dela. Familiarentzat oso garrantzitsua da. Edo parrandan ibiltzen ziren batzuk jada ez dira ateratzen. Orduan, hemendik urte batzuetara esango dute ‘Begira nola egiten zen parranda 2009an!’».
Argazkiak euskarri fisikoan biltzea gustuko du, irudiei gorputza ematea: «Webgune batean sartzen badituzu, hor daude, baina ezberdina da argazkiak paperean ikustea. Ez daude ordenagailu batean galduta».
[Egilea: Ikor Kotx].
Hori iraganari dagokionez. Etorkizunera begira, udazkenean hainbat hitzaldi emango ditu, liburua aurkezteko. Bere jaioterrian, Errenteria-Oreretan, ere eman nahiko luke hitzaldiren bat. Gainera, ezuste bat ere jaso du: argazkilaritza ikastaro bat emango du EHUn, Facebooken egindako ibilbideari esker.
Bestalde, Oarsoaldean liburua eskuratu nahi duenak, Errenteria-Oreretako Arkaitza tabernan aurki dezake. Ikor Kotxi sare sozialen bidez eskatu behar zaio (
www.facebook.com/pahotsa helbidean ikus daitezke eman beharreko urratsak). Hogei euroko prezioa du liburuak.
Ikor Kotx: «Mugikorrarekin argazkia ateratzea? Zergatik ez?»
Ikor Kotxek 1980ko hamarkadaren bukaeratik fotokazetaritzadu ogibide. Bere arloan, gizartean bertan bezala, aldaketa ugari izan da. Ikor Kotx negatiboarekin hasi zen, eta orain digitalarekin ari da lanean. «Teknikoki, baina baita sozialki ere, aldaketa asko ekarri ditu. Lehen argazkiak ateratzen jende gutxi ginen kalean, eta orain gehiegi daude. Jendea saturatuta dago, eta aspertuta dago argazkietan ateratzearekin. Orain arrunkeria bat bihurtu da», kexu da.
Argazkigintzaren demokratizazio bat egon dela onartu du, baina aldi berean, horrek «bulgarizazioa» ekarri duela iritzi du:?«Zenbat argazki dira katuenak, jango duzun platerarenak? Horrek superabit bat sortu du. Guk, hein berean, aldarrikatu behar dugu argazkilaritza komunikaziorako bide bezala. Badago argazkilaritza mota bat argazki batekin gauza pila bat transmititzen duena. Eta besteak hori ez du itsutu behar. Hortan sinesten dugunok erronka oso zaila dugu».
Hori bai, ez da purismoan erortzen. Bere ustez, argazki autentikoenak ez dira kamera analogikoarekin ateratzen direnak. «Horren kontra nago. Beti galdetzen didate ea zer iruditzen zaidan iPhonearekin argazkiak egitea. Zergatik ez? Liburuan badago argazkiren bat iPhonearekin egindakoa. Argazki bat egiteko aukera ikusten baldin badut, eta ez badut beste ezer, telefonoarekin aterako dut».
Zilegi iruditzen zaio argazki autentikoena bilatzen dutenen asmoa. Kotxentzat, ordea, helburua irudia bera da, eta transmititu nahi duena transmititzea. Horregatik, liburuan denetik dago.