Xanistebanak dira aztertuko dituzten hiru festetako bat.
Elhuyar Fundazioa Gipuzkoako festei buruzko diagnosia egiten ari da. Zehazki, festetan parekidetasunaren presentziari buruz ari dira lanean.
Fase diagnostikoaren hurrengo geltokia Oiartzun izango da. Datorren asteartean, hilak 26, gogoeta gune bat sortuko dute Manuel Lekuona bibliotekan. Orain arte egindakoaren berri emango dute bertan, eta Oiartzungo festei dagozkien iritzi eta ekarpenak jasoko dituzte.
Festetako ekitaldien antolakuntzan dabiltzan eragile eta norbanakoei dei berezia egin die Oiartzungo Udalak. Ez da, hala ere, deialdi itxia izango: gaiarekin sentsibilitatea duen edonor gonbidatu dute bertara ager daitezen.
Gainontzeko udalerrietan bezala, hiru festa antolatu dituzte. Oiartzunen kasuan, ihoteak, Iturriotz auzoko santiyuak eta herriko festa nagusiak —xanistebanak— izango dira.
Parekidetasunaren aldetik hobekuntzak beharrezkoak direla diagnostikatuz gero, horiek gainditzeko jarraitu beharreko irizpideak markatuko dituzte.