Bi oiartzuar, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren debutean
Alaia Martin eta Ander Lizarralde bertsolariak Baigorriko saioan ariko dira
Bihar, larunbata, hasiko da Bertsolaritza Txapelketa Nagusia Baigorrin (Nafarroa Beherea). 17:00etan da lehen saio hori, bertako ezker paretan. Txapelketa horretan Oarso Bidasoko lau bertsolarik parte hartuko dute, lauak oiartzuarrak: Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Ander Lizarralde eta Jon?Martin dira.
Horietako bi ariko dira biharko saioan: Alaia Martin eta Lizarralde. Eurekin batera Aimar Karrika, Beñat Ugartetxea, Mikel Artola eta Xabi Maia igoko dira Baigorriko oholtzara. Joana Itzaina izango da gai jartzailea. Honako lanak egin beharko dituzte bertsolariek:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
- Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
