DBH3ko ikasleak Bretainiara joan dira; horrez gain, Kilometroak jaialdiko Erronkan irabazle izan dira berriro
Haurtzaro Ikastolako ikasleek hirugarren aldiz lortu dute Kilometroetako erronka.
Eskolek, ikastetxeek, ikastolek… ikasgeletatik harago doazen jarduerak planteatzen dituzte. Haurtzaro Ikastolan bi ekitaldiri eman diote garrantzia egun hauetan: Bretainiara bidaia eta Kilometroetako erronka.
Bederatzigarren urtez jarraian, Oiartzungo ikastolako ordezkaritza bat Bretainiako Gwiseni herrira abiatu ziren atzo, bertako diwaneko —bretoieraz irakasten duten eskolak— ikasleekin elkartrukea egitera. Igandera arte izango dira bertan, eta helburua frantsesa ikasteko grina piztea da. Gwisenikoek martxoan ezagutuko dute Oiartzun.
38 ikasle eta hiru irakasle abiatu dira Bretainiara. Ikasle bakoitza hango familia baten etxean egongo da, eta hainbat jarduera probatzeko aukera izango dute: crepe-ak egiteko tailerrak, buztingintza, kirol bretoiak… Gainera, Gwiseni eta inguruko hainbat txoko ezagutzeko parada izango dute, eta festarako betarik ez da faltako. Igande gauean itzuliko dira Oiartzunera.
Erronka, hirugarrenez
DBH 3 eta 4ko ikasleak, berriz, Oñatin ospatu zuten Kilometroak jaialdian izan ziren. 2013ko eta 2016ko ekitaldietan eskuratutako Erronka hirugarrenez eskuratzea zen helburua. Haurtzaroko ikasleek berriro lortu zuten txapela janztea. Taldekide guztiek egin zituzten proba guztiak, hori baitzen euren helburua. Giro ona egon zen parte hartu zuten hogei ikastolako ikasleen artean.