Gure Esku Dagok larunbaterako deitu duen manifestaziora joateko autobusak aterako dira
Oiartzunen pasa den astean egindako elkarretaratzea.
Igandean erreferenduma deituta dago Katalunian. Erabakitzeko eskubidearen ariketa hori aurrera eramango den ala ez zalantzan dago. Gertatzen dena gertatzen dela, Gure Esku Dagok iniziatibak erabakitzeko askatasuna aldarrikatuko du larunbat arratsaldean Bilboko kaleetan. Casillatik aterako da manifestazioa,
Demokrazia. Erabakitzeko askatasuna lelopean. Honako eragileek bat egin dute: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, Geroa Bai, EH Bai, ELA, LAB, Steilas, EGI, Ernai, Gazte Abertzaileak, Alternatiba Gazteak, Euskal Gazte Moreak, Independentistak eta ANC-EH.
Oiartzundik Bizkaiko hiriburura joateko deia egin dute. Autobusa irtengo da larunbatean, 15:30ean, Haurtzaro Ikastolako aparkalekutik. Izen emateko aukera Amaxkarren eta Garmendi txokolategian izango da, eta helduek hamar euro ordaindu beharko dituzte. Ikasle eta langabeek, aldiz, zortzi.
Zita, biharamunerako
Larunbatekoa, ordea, ez da asteburuko zita bakarra izango. Hilaren 23an Kataluniaren aldeko ekitaldi soziala egitekoak ziren, baina datorren igandera arte atzeratzea erabaki dute. 13:15ean elkartuko dira, Done Eztebe plazan. Oiartzungo Herritarren Adierazpena aurkeztuko dute, eta L’estaca abestia kantatuko dute, krema kataluniarra dastatzeaz gain.