Euriak aire zabalean jokatzea ekidin du; Madalensoro pilotalekuan egin dituzte pilota erakustaldiak
Madalensoroko pilotalekuan jokatu behar izan dute, euriagatik.
Txost pilota elkarteak
joko zuzenen festa antolatu du asteburu honetarako. Atzo hitzaldi pare bat egin zituzten: joko zuzenei buruzkoa, bata; pilotalekuak ardatz zituena, bestea.
Gaur goizerako bi erakustaldi antolatuta zituzten. Lehenik eta behin bote luzeko erakustaldia egitekoa asmoa zuten, eta ondoren, pasaka modalitatekoa. Txosten helburua Done Eztebe plaza, garai batean bezala, joko eremu bihurtzea zen. Festak antolatzean, baina, hura zapuztu dezakeen arriskua dago, eta gaurkoan euria izan da. B plana martxan jarri behar izan dute, eta Madalensoroko pilotalekuan hartu dute aterpe.
Bihar goizerako, eguraldiak hala uzten badu behintzat, Beheko Plaza izango da joko eremua. Errebote erakustaldia egingo dute bertan, 10:00etatik aurrera. Urriaren 8rako beste zita bat jarri dute: Artikutzako Trenaren Egunaren barruan, bote luzeko partida bat jokatuko dute Zaldingo pilotasoroan.