Euriak ekitaldia bibliotekara lekualdatzea behartu zuen; Martxel Mariskalen 'Azken zakatzak' liburua izan du oinarri
Ainara Lasa izan zen poemak errezitatu zituenetako bat.
Oiartzungo Irakurketa Taldeak eta Oiartzun Azmarrin-ek antolatutako lehen ekimen literarioa egin zuen atzo. Hipatiaren lorategian egitekoak ziren, baina eguraldiak Manuel Lekuona bibliotekara lekualdatzea behartu zuen.
Hori izan zen ekitaldia biribila ez izateko arrazoi bakarra. Hortik aurrera, saio intimo eta polita izan zen. Martxel Mariskal Balerdi hondarribiarraren
Azken zakatzak liburua izan zuen ardatz Goiatz Labandibarrek gidatutako saioak. Ainara Lasak, Oier Guillanek eta Alaia Martinek zein Ekain Telletxea eta Malen Etxebeste haurrek Mariskalen poemak errezitatu zituzten. Liburuaren egileak berak ere hartu zuen bere lana errezitatzeko tartea, eta Labandibarren zein publikoaren galderei erantzun zien.
Sorpresa hunkigarri bat ere prestatuta zuten. Mariskal Haurtzaro Ikastolan aritu zen lanean, eta bere lankide ohi batzuek —Elias Arizmendi, Maite Gomez, Kristina Boan eta Inazio Retegik— ekitaldian protagonismoa izan zuten. Alde literarioaz gain, Aiur Retegik gitarrarekin eta Edurne Saizarrek pianoarekin saioa musikaz jantzi zuten. Idoia Beratarbidek, berriz, koadro bat margotu zuen ekitaldiak irauten zuen bitartean.
Sentsazio onarekin geratu ziren antolatzaileak, parte hartzaileak zein ikus-entzuleak ere. Ziur bigarren atala idazten ariko direla.