Joan Frances Tisner.
Urtaro berri batean sartzen den aldiro bezala, Soinuenea fundazioak kontzertua antolatu du udazkenari ongietorria emateko. Datorren larunbatean, hilak 7, izango da. Joan Frances Tisner okzitaniarra eta Gipuzkoan 30 urte bizitzen daramatzan Alan Griffin izango dira gonbidatuak.
Tisnerrek
Trailhares proiektua aurkeztuko du, bere taldekideekin batera. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, Felix Arnaudin etnologoak Gaskoiniako Landetan ateratako argazkiak eta bildutako testuak dira proiektu horren ardatza. Ahotsaren erabilera bitxia du Tisnerrek, eta kantu tradizionalak elektroakustikarekin eta perkusioarekin nahasten ditu. Arnaudinen argazkiak proiektatuko dituzte zuzeneko emanaldian, baita atsotitzak, ipuinak eta liburuetako pasarteak ere.
Alan Griffin izango da eguneko beste protagonista.
Halfway to Hell (Infernura erdibidean) lana aurkeztuko du. Albokarentzako 333 lan —hortik izena— bildu ditu Griffinek, batzuk berak sortutakoak.
Kontzertua 18:30ean hasiko da, Ergoiengo Auzokalte elkartean. Sarrerak 5 euro balio ditu, eta ondorengo afarirako 15 euro gehiago ordaindu beharko dira.
Goizean, berriz, Gaskoiniako dantzak irakatsiko ditu Tisnerrek, arratsaldeko kontzertuan praktikan jartzeko. Arditurrin izango da, 11:30etik aurrera.