Azken hamalau urteetan, Don Bosco izan da Pasaia KEren egoitza nagusia; orain, obretan ari direla, futbolariak zelai propiorik gabe geratu dira.
Egun, Don Boscoko obrek duten itxura. Hainbat astez luzatuko dira bertan egiten ari diren lanak.
Pasaia Kirol Elkartea sortu zenetik (1941), Molinao klasikoa izan zen etxean jokatzeko Antxoko futbolarien artean zelai ezagun eta maiteena. Orain hamalau urte, GI-363 autobidearen sarbide berriaren obrak direla eta, zelai zaharra eraitsi behar izan zuten. Baina, ez ziren oso urrutira mugituko. Distantzia gutxira dagoen Don Bosco izango zen zuri-gorrien etxe berria. Orduz geroztik, hura izan da Pasaia KEren kategoria guztien egoitza nagusia.
Joan den ekainean, Pasaia Kirol Elkarteak behar bezalako futbol zelaia izateko xedearekin, Don Boscoko kirol instalazioak berritzeko obrei ekin zioten. Ondorio bezala, Pasaiako kirolariak zelai propiorik gabe geratu dira. Azken asteetan, etxetik kanpo jarri dute jokalariek elastika zuri-gorria, etxeko bezala jokatzeko.
Arazoari azkar erantzun diote gertuko udalerrietako taldeek. Lezo, Errenteria-Orereta, Oiartzun eta Donostiako taldeak prest azaldu dira Pasaiako kategoria ezberdinetako taldeak euren zelaietan jasotzeko. Zehazki, Lezoko Allerru, Errenteria-Oreretako Touring, Oiartzun Kirol Elkartea eta Reala izan dira euren instalazioak eskaini dituztenak. Jokin Eskisabel Pasaia KEren kirol koordinatzailea: «Gure eskerrik zintzoenak Touring, Alerru, Oiartzun eta Realari beraien laguntzagatik». Talde guztiak ohiko ordutegian entrenatzen eta jokatzen jarraitu dutela argitu du Eskisabelek. Soilik Kadete Mailako A eta B taldeek zan dituzte arazoak entrenatzeko.
Egoerak, koordinatzailearentzat, eragozpenak dakartza: «Badakigu zelaia obretan ari den bitartean zer dagoen. Arazoak sortu ditu, material guztiarekin alde batetik bestera mugitu eta dena koordinatu beharra dagoelako».
Obrak, aurrera
Azken asteetan Pasaiako Udalak jakinarazi duenez —hark kudeatzen du zelaia—, obrek, hamar hilabeteko iraupena izango dute. Hala ere, hilabete eta erdian bertan entrenatzeko aukera izan dezaketela nabarmendu du Eskisabelek. Obra Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du, 370.049,07 euroko aurrekontuarekin.
Zelaiko belar artifizial zaharra jada kendu dute, eta hiru fasetan bukatuko dituzte lanak. Lehenik, zelai berria eta ateak ipiniko dituzte, gero, aldagelak hobetu eta irteerako tunelaren hobekuntzarekin amaitzeko. Gainera, ureztatze instalazioen egoera dela eta, belar artifiziala kendu eta 2. B mailako zelaietarako bete beharreko baldintzetara egokituko dute zelaia. Horrez gain, zelai berria ureztatzeko bi kanal jarriko dituzte. Instalazioek, futbol 7rako bi zelai (zeharka) eta futbol 11erako zelaia (luzera osokoa) izango ditu. Prozesuan zehar kendutako belarra futbol zelai ondoan berotzeko eremu berri bat egokitzera bideratuko dute.
Don Bosco pasaitarren etxea izan arren, Eskisabelentzat, Molinao izan da euren betiko etxea. Ohikoa izan da, zelai propioaren faltarengatik, talde pasaitarrek etxean jokatu behar izatea, baina etxetik urrun. «Historikoki, Pasaia Kirol Elkarteak ez du zelai propiorik izan. Nik, adibidez, Amaran jokatzen ikusi dut Pasaia», zehaztu du.
Instalazio berriak «onak eta kalitatezkoak» izateko itxaropena du, jokalari eta zale guztien onurarako. Gogoz daude instalazio berriak probatzeko. Hemendik gutxira, etxera bueltatzeko aukera izango dute futbolari pasaitarrek, benetan maite dutenaz gozatzen jarraitzeko: soilik, futbolean aritzea.