Autobus Magikoa Oiartzungo taldea izango da bihar gauean kontzertuan ariko den taldeetako bat.
XXI. mendeko proiektua da Arraguako Goiko Eskola gune okupatuarena. Izan ere, aurten hamazazpi bete dira eskola zaharrak okupatu zituztenetik. Bihar arratsean egingo dute urteurrena ospatzeko festa.
Musika, afaria eta musika. Hori izango da biharko jaialdiaren egitarauaren ardatza. 19:00etan jarri dute zita, Sinduitas taldearen rock esperimentalarekin. Ordubete beranduago Hatxeren txanda —Idoia Hernandez piano jotzaile oiartzuarraren izen artistikoa— izango da.
Ondoren, indarrak hartzeko eta afaltzeko garaia izango da. Bost euroko prezioa izango du afariak. 22:30ean musika dosi hirukoitza jasotzeko prestatuko dira Goiko Eskolara hurbiltzen direnek: Floxbin, Muskulo eta Autobus Magikoa.