Oiartzungo garagardo festan, badok hamahiru
Asteazkenetik larunbatera ospatuko dute Oiartzungo garagardo festa
Asteazken arratsaldetik larunbat gauera bitartean, garagardoa izango da protagonista Oiartzunen. Garagardoa, eta berarekin lotutako elikagaiak, zehazki izateko. Hamahirugarren aldiz antolatu dute garagardo festa. Igor Ibarguren da antolakuntza lanetan, lehenengo ekitalditik, ibiltzen denetako bat. Jakinarazi duenez, hamazazpi garagardo egongo dira, denak Euskal Herritik kanpokoak: Galiziakoa, Kataluniakoa, Belgikakoak, Bretainiako bat, Ingalaterrakoak, Alemaniakoak eta txekiarra. Glutenik gabeko garagardoa edo alkoholik gabea nahi duenak, aukera izango du. Bi pitxar mota egongo dira, litro erdikoa eta litro laurdenekoa. Bi euro balioko du edalontzi handienak, eta besteak euro eta erdi. “Garagardoei dagokionez”, jarraitu du Ibargurenek, “batzuk bereziak izango dira —nahiz eta denak bereziak diren—, eta prezioa garestiagoa izango dute garagardo batzuek. Hiru euro erdi eta hiru euro, pitxar handietan. Txikietan bi euro eta erdi eta bi euro izango dira”. Garagardoak sabelean kolpe gogorrik eman ez dezan, janaria ere salduko dute Done Eztebe plazan egingo duten festan. Ukondoa, saltxitxak, entsaladak, saiheskia eta, postrerako, herriko gazta eta irasagarra. Gainera, bertako gozotegi batek egiten duen pastela gozatzeko aukera ere egongo da. Bertako produktuak Karpa asteazkenetik larunbatera 19:00etatik 01:00era irekita egongo da (larunbatean ordubete lehenago irekiko dute). Egunero, 22:00etatik 23:00etara zozketak egingo dituzte. Ibargurenek azaldu duenez, herriko arrandegi, harategi, jatetxeek eta beste hainbatek produktuak ematen dizkiete, zozka ditzaten. Euren filosofia herriko produktuak —Labore kooperatiban eta herriko denda txikietan— erostea dela nabarmendu du, eta halakorik ez bada, kanpora jotzen dute. Garagardoa hornitzen duten enpresak ere Oiartzungoak direla aipatu du Ibargurenek. Bestalde, aurreko bi urteetan arrakasta izan duen jarduera bat errepikatuko dute aurten ere: gaztaina jatea. Kasu honetan, herriko gaztainak ez dira egokienak, eta kanpotik ekarri behar dituzte. Aurten asteazkenean eta larunbatean egiteko asmoa daukate. Jatorria, Karaezen Lehenengo garagardo festa 2005ean egin zuten. Ibargurenek gogorarazi du nola sortu zen ideia: “Oiartzun Karaezekin senidetua dago. Hemendik hara joaten hasi ginen, eta hango garagardotegi bat ezagutu genuen. Intxaurrondoko garagardo festa ere ezagutzen genuen, eta gustatzen zitzaigunez, hau sustatzen hasi ginen bost lagun. Berez helburua da, garagardo feria antolatu, zorrik ez egin eta egun txukun batzuk ospatu”. Garagardo festaren bueltan hainbat ekitaldi ere antolatzen dituzte. Aurreko urteetan kontzertuak eta bertso saioak antolatu izan ohi dituzte, baina ez da aurtengo kasua izango. Larunbatean, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte, eta txokolate jatea ere egingo dute. Goizalderako, karpa itxi ondoren, herriko gazteek gymkana antolatu dute beren kabuz. Oarso Bidasoko Hitzak zozketa antolatu du, bere harpidedunentzako. Irabazleak bi menu eta bi garagardo izango ditu saritzat. Parte hartzeko,